Bergarako Beart arte elkartea ari da Pello Alberdi Zuazubiskar Antontxabal margolari elgetarraren omenezko erakusketa prestatzen. "Pello hil ondoren, erakusketa bat egitea erabaki genuen, omenaldi modura. Erakusketa antologikoa izango da, eta bere ibilbide artistiko osoa jasoko du", azaldu du erakusketako komisario Ricardo Azkargortak. "Nire laguna eta lankidea izan zen urte askoan. Irizar Jauregiko kamaroteetan zeuden udal lokaletan margotzen genuen elkarrekin, eta erakusketa ugari egin genituen. Pello artista oso ikertzailea izan zen; ez zen estilo bakar batean geratzen. Estilo eta joera desberdinetan aritzen zen, bakoitzaren adierazpen-aukerak aztertuz eta ikertuz. Erakusketa antologikoa izango da, eta bere ibilbide artistiko osoa jasoko du, 1985etik 2025era. Formatu handiko eta ertaineko lanak egiten zituen, eta Aroztegiko erakusketan tamaina horietako lanak ikusi ahal izango dira".
Sei hamarkada margolaritzan
2025eko maiatzean hil zen Pello Alberdi. 70eko hamarkadan hasi zen lehen erakusketak egiten, eta lotura estua izan zuen inguruko margolariekin; bereziki, Beart-ekoekin. Erakusketa asko egin zituen. 1994tik 1996ra, esaterako, Japonian erakutsi zituen artelanak. Sariak eta bekak ere jaso zituen.