Debagoienera itzuliko da urte luzez Arrasaten bizi izandako Ana Goitia Erkiaga (Bilbo, 1981) umorista. Katana bakarrizketa eramango du gaur Elgetara, biraren azken-aurreko emanaldian. Espaloia Kafe Antzokian izango da bakarrizketa, 22:00etan, eta sarrerak 10 euro balio du.
Gogotsu Katana bakarrizketa Elgetara eramateko?
Egia esan, bai. Uda lasai hartu dut, eta aspaldi ez dut egin; beraz, badut gogoa oholtzan ibili eta publikoarekin egoteko. Gainera, Elgetan egoteko gogoz nago, inoiz egon gabe nago eta. Bestalde, urriaren 8an bira amaituko dut, azken festa batekin, baina Elgetakoa oso berezia izango da, Katana-ren ohiko azken emanaldia izango da eta.
"Elgetakoa oso berezia izango da, 'Katana'-ren ohiko azken emanaldia izango da eta"
Izenak zorroztasunari egiten dio erreferentzia; batzuetan, gauzak zorrotz esan behar dira?
Gauzak esan egin behar dira, eta esateko moduak garrantzitsuak dira. Emakumeoi oholtza gainean finak izatea edo gauzak modu konkretu batean esatea eskatzen zaigu, eta molde horiek apurtu nahi izan ditut. Hori da Katana, naizen bezalakoa izan eta gauzak nahi ditudan moduan esatea, inolako erreparorik gabe. Esaten ditudanak umoretik esaten ditut, baina hausnartzeko gaiak izaten dira.
Gai horietako asko egunerokotasunaren bueltakoak izaten dira.
Nire egunerokotasunaz hitz egiten dut, bai. Guraso naiz, eta amatasunaren inguruan hitz egiten dut, esaterako. Lekeition bizi naiz, eta lantokia urruti gelditzen zait; bidaia horien inguruko hausnarketak ere jorratzen ditut. Euskal Herrian gertatzen diren gaiak ere jorratzen ditut; musikaren eta sold out-en inguruan, adibidez. Anekdotak ere hor daude. Hainbat anekdota ditut; egunero zerbait gertatzen zait, eta ikusleei horrelakoak kontatzeko aukera polita dira bakarrizketak, kontatzeko modukoak dira eta.
Matxismoa eta lodifobia presente daude saioan; umorea erregistro egokia da horrelako gaietarako?
Jendeak hobeto hartzen ditu horrelako gaiak umorearen bidez jorratzen badira. Askotan, ez gara egiten dugunaz jabetzen, eta horrela kontatuta errazago konturatzen zara zuk ere modu horretako jarrerak dituzula. Umorea tresna egokia da gauzak beste modu batera kontatu eta beste modu batean jasotzeko.
2024an iragarri zenuen Katana; nolakoak izan dira urte hauek?
Bilakaera izugarria izan da. Inoiz ez nuen pentsatuko egon naizen herri guztietan egongo nintzenik Katana-rekin, nire lehen bakarrizketa luzea da eta. Katana-k lasaitasun izugarria eman dit, konturatzeko bakarrik gauzak egin ditzakedala. Bueno, ondoan badut laguntzen nauen talde bat, baina oholtza gainean bakarrik egon naitekeela konturatzeko balio izan dit. Izugarrizko zoriona ematen dit horrenbeste jendea barrezka ikusteak. Jendeari barre eragite hori bizitzako gauza orgasmikoenetako bat da. Ikusleek poztasun hori transmititzea ikaragarria da. Gehiago egiteko gogoa eta ilusioa daukat, aurrera jarraitzeko gogoa.
Orduan, Katana-ren ostean zerbait berria helduko da?
Bai; hurrengo proiektua martxan dago, baina guztia prestatu behar dut, eta horrek denbora eskatzen du. Horregatik bukatuko dut bira hau. Gainera, oso gogotsu nago, eta baliteke bi emanaldi horietan pistaren bat ematea.
"Hurrengo proiektua martxan dago, baina guztia prestatu behar dut, eta horrek denbora eskatzen du"
Zaila da oholtza baten gainean bakarrik egotea?
Bai, baina esango nuke okerragoa dela joan-etorriko bakardadea. Oholtza gainean gusturago zaude, ikusleak hor dituzulako, nahiz eta publikoa hotza denean bakardade puntu hori sentitu. Egia da oholtzak errespetu handia ematen duela; zerbait ahaztu edo jendeak barrerik ez egiteko beldurra hor dago, baina, gero, publikoak ematen duen maitasuna sentitzea plazera da.
Osasuntsu dago euskarazko bakarrizketagintza?
Bai; zorionez, osasuntsu dago, eta espero dut horrela jarraitzea, umorea behar dugulako, bereziki garai gogor hauetan, non politikan eta bestelako alorretan gertatzen dena ikaragarria den. Egunero albiste oso txarrak jasotzen ditugu, gauzak ez daude batere ondo, eta umoreak asko laguntzen du bizitza aurrera eramaten. Gainera, euskarazko umorea izatea, guk egin ahal izatea eta entzuleak hor izatea beharrezkoa da. Joan dadila handitzen, jendea batzen eta geroz eta oholtza gehiagotan euskarazko stand-up-a bizitzen.
Esparru oso maskulinoa izan da historikoki oholtza, baina, geroz eta gehiago zarete emakume bakarrizketalariak; aspektu horretan bide onetik goaz?
Bide onetik goaz, baina gehiago behar dugu. Badira hainbat emakume, baina beharrezkoa da gehiago izatea. Hala ere, publikoa emakumezkoen bakarrizketak ikustera joatea da behar duguna, bereziki, gizonezkoak joatea. Ematen du umorea gizonezkoei lotuta dagoela, eta hauei emakumeek ez dietela graziarik egingo. Sarritan entzun ditugu ze grazia egingo dit niri emakume batek moduko komentarioak. Ba, eman aukera bat, akaso, uste duzuna baino grazia gehiago egingo dizu eta. Baina bai, geroz eta emakume gaheiago gaude, eta badaude emakume batzuk gu baino lehenago hasi zirenak. Gogoan ditut Mirari Martiarena, Idoia Torregarai edo Kaitin Allende hasi ziren garaiak. Geroz eta gehiago gara, bai, baina asko dago egiteko. Oraindik ere umore gau askotan lau gizon eta emakume bat izaten dira oholtzan, edo zuzenean, lau gizon bakarrik.