'Salbador 17' taldeak irabazi du Sagardo Eguneko patata-tortilla lehiaketa

Larraitz Zeberio Lekuona

Hamalau taldek hartu zuten parte patata-tortilla lehiaketan eta 23 punturekin nagusitu zen 'Salbador 17' taldea. Tortilla originalena Ozkarbi elkartearena izan zen, eta tortillarik txarrena –9 punturekin– 'Xabi' taldearena.

Ikusmina sortu du, aurten ere, Sagardo Eguneko patata-tortilla lehiaketak. Gazte Asanbladak antolatua, gaztetxeko lautadan zabaldu ziren mahaiak eta nork bere osagaiekin ahalik eta patata-tortilla onena egiten saiatu zen. 

Maria Cobo, Alazne Errasti eta Unai Andres izan ziren epaimahaiko kideak. Itxura, zaporea eta originaltasuna baloratu zituzten eta 23 punturekin Salbador 17 taldeak eraman zuen sari nagusia: bi botila ardo, botila bat sagardo, urdaiazpikoa eta gazta jaso zituzten txalo artean. 

Puntuazio txikiena –9 puntu– Xabi taldeko kideek jaso zuten. Praktikatzen jarraitzeko arrautzak eta patatak eraman zituzten etxera. 

Patata-tortilla originalenaren saria, berriz, Ozkarbi elkarteko kideendako izan zen eta Aner Fernandez Telleria ordezkariak jaso zuen. Janela tabernan hamarretakoa izan zen saria.

Goienak urtero argitaratzen du patata-tortilla lehiaketaren sailkapena, baina aurten antolatzaileek ez dute puntuazio-zerrendaren berri eman.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak