Elgetako ludoteka zerbitzuak ate irekien jardunaldia antolatu du eguenerako, herriko umeek eta familiek udal zerbitzua gertutik ezagutzeko aukera izan dezaten. Hala, zerbitzua eta zerbitzuaren instalazioak doan probatzeko aukera izango da.
Ate irekien ekimenak beste helburu bat ere izango du, ordea. Zerbitzua ezagutzeko eta probatzeko aukera izateaz gainera familiendako, erabiltzaileen iritziak eta proposamenak jaso nahi ditu Udalak "espazioa hobetzen jarraitzeko".
Hala, ate irekien saioan familia osoari zuzendutako ekintzak burutuko dira, gurasoek eta haurrek elkarrekin jolas egiteko eta gozatzeko aukera izan dezaten.
Hobekuntzarako ekarpenak eta parte-hartzea
Haur zein gurasoen ekarpenak, ideiak eta proposamenak jaso nahi dituzte ate irekien jardunaldiaren ostean, ludotekaren funtzionamendua eta eskaintza hobetzeko.
Herritarrek bi bide izango dituzte euren iritzia emateko:
- Eguenean, ludotekan, ate irekien saioan zehar ekarpenak zuzenean eginez.
- Online galdetegi bidez, hemen.