Auzolanean aritu dira gazteak udako hilabeteetan, eta gaztetxea zabaltzeko prest dagoela adierazi dute. "Sabaia konpondu eta margotu dugu, instalazio elektriko guztia berritu dugu, eszenatokia indartu dugu, ura jarri dugu eta barra ekipatu dugu", azaldu du Gazte Asanbladako kide Ander Sarasuak. 18:30ean zabalduko dute gaztetxea. "Asmoa da aurrerantzean herrian ekitaldiak daudenean txandak antolatzea gaztetxea zabaltzeko", esan du.
Azoka eta tirolina
Gainerakoan, herriko baserritarren eta artisauen azokarekin irekiko da eguna, 10:30ean. Hamar bat postuk osatuko dute. Tartean izango dira Sebas Arantzabal barazkiekin, Aixolako zentroko kideak krema eta linimentuekin, Pili Arin barazkiekin eta artisau lanekin, Omar Bitti arabiar gozoekin, baratze parkeko elkartekoak, Peio Bilbao barazkiekin eta txerrikiekin, Baobeer garagardoak, Iñaki Diez Larrañaga eztiarekin, LH6ko ikasleak gozoekin eta Lorena Ibeas artisautza lanekin. Urtero moduan, tirolina goiz osoan izango da plazan, Elorrioko Zintzilik enpresaren eskutik.
Intxortako igoera
Intxortako igoera izan ohi da herritarrek azoka egunean ikusmin handiz itxaroten duten beste ekitaldietako bat. Aurten 28.a jokatuko da. Hiru kategoria izango dira: 12 urtera artekoak, 12-16 urte bitartekoak eta 16 urtetik gorakoak. Lasterketa 11:00etan jokatuko da eta izen-ematea egunean bertan egingo da, 10:30ean. 60 euroko sari berezia izango da Eleder Lozanok eta Goiatz Agirrek egindako denborak hobetzen dituzten lasterkarientzat. Lozanok 16.14 egin zuen 2015ean eta Goiatz Agirrek, berriz, 21.47, iaz.
Patata-tortilla lehiaketa
Patata-tortilla lehiaketa izango da arratsaldeko ekitaldi izarra. Aurten, gaztetxeko lautadan jokatuko da, 18:30ean. Parte-hartzaileek ordu eta laurden izango dute tortilla egin eta aurkezteko. Iaz, hamasei taldek hartu zuten parte, eta 1975ko kintoen taldeak irabazi zuen. Epaimahaiak zaporea, itxura eta originaltasuna baloratuko ditu. Gauean, Babesgabe eta Mugarri taldeek joko dute gaztetxean, eta DJ Otorekin luzatuko da gaua.
Egitaraua
• 10:30 Azoka eta tirolina, plazan.
• 11:00 Intxortako igoera.
• 18:30 Patata-tortilla lehiaketa, gaztetxean.
• 20:00 Trikipoteoa.
• 22:00 Babesgabe eta Mugarri taldeen kontzertua, gaztetxean. Ondoren, DJ Oto.