Elgetako frontoiak zesta-punta "ikuskizun zirraragarria" hartuko du bihar, zapatua, irailak 12. Topen Buruz Buruko Jai Alai Txapelketa Irekiaren kantxa izango da herriko frontoian, 17:30etik aurrera.
Finalerdietako ligaxkako jardunaldi
Finalerdietako ligaxkako jardunaldi erabakigarria izango da, eta pilotariek dena jokoan izango dute hurrengo fasera sailkatzeko.
Txapelketak buruz buruko formatua dakar: "Hiru pilotari, hiru joko eta dena jokoan", antolatzaileek azaldu dutenez. "Banakako modalitateak zestalarien maila fisiko eta teknikoena eskatzen du, eta Elgetan maila goreneko lehia ikusteko aukera egongo da, nesken zein mutilen txapelketako protagonistekin".
Emakumezkoen mailan, Ihart Arakistainek (Sopela), Helena Barrenetxeak (Durango) eta Maia Goikoetxeak (Berriatua) neurtuko dituzte indarrak. Gizonezkoen koadroan, berriz, Xabat Altuna (Tolosa), Gaizka Garate Garat II (Ziburu) eta Charles Bonnin (Donibane Lohizune) arituko dira nor baino nor gehiago garaipenaren bila. "Jai Alai kirolaren azkartasunaz eta emozioaz gozatzeko hitzordu polita izango da bihar arratsaldean Elgetako frontoian", esan dute.