Martitzenean egin zuten iraileko podologo kontsulta eta 22 lagun artatu zituzten. Beti izan da demanda handiko zerbitzua eta berriz ere martxan jartzea lortu dute Xalbadorpe erretiratuen elkarteko kideek. "Hitz eginda dagoena da hileroko bigarren asteko martitzenean egongo dela zerbitzua, baina egon daitezke gorabehera batzuk hasieran. Joango gara data zehatzen berri ematen", esan du elkarteko presidente Jose Antonio Ojangurenek.
Gainerakoan, hainbat jarduera iragarri ditu Xalbadorpe erretiratuen elkarteak irailerako. Antzezlana, irteera bat eta 80 urtetik gorakoen bazkaria daude tartean.
80 urtetik gorakoen eguna
Eguenean, hilak 17, 80 urtetik gorako bazkideen eguna ospatuko dute. Bi urtean behin antolatzen dute eta 39 lagunek eman dute izena aurten. Bazkaria egingo dute, 14:00etan, Ozkarbi elkartean eta ondoren karta-jokoan arituko dira.
Iragarrita daude, baita ere, Oroimenak antzerki taldearen antzezlana –hilaren 24an– eta irteera bat Bilbora. Irteerarako izena eman nahi dutenek hilaren 27an izango dute horretarako aukera, 11:00etatik 12:30era, Ozkarbi elkartean.