Abuztuko etenaldia eta gero, botak jantzi eta berriz ere mendi bideak zapaltzeko garaia iritsi da Kantsatzeke Mendi Taldearen irteeretan parte hartu nahi dutenendako.
Abaltzisketako Larraitz auzotik abiatuko dira. "Hasierako aldapa suabe samarra izango den arren, behin Oriako iturrira iritsitakoan gauzak aldatu egingo dira: hor hasiko da benetako igotze-lana, eta lepotik tontorrerako tartea bereziki piko jarriko da. Guztira, 900 metroko desnibel positiboa da", azaldu dute antolatzaileek".
Goitik ikuspegi zabala espero dute, bai Aralar aldera bai kostaldera arte. "Pena berde egon beharrean gorri egongo dela sikutearengatik. Behera bestaldetik egingo dugu, Muitzeko ur jauzitik, honek ere ur falta izango duen arren". Hamar kilometroko ibilbidea izango da.
Izen-ematea hilaren 17ra arte
Parte hartu nahi duten guztiek zabalik dute izena emateko epea irailaren 17ra arte, eguena. Izena ematerakoan datu hauek eman behar dira: izen-abizenak, telefono zenbakia eta kotxea eramateko prestuasuna (BAI/EZ). Harremanetarako bideak ohikoak dira: kantsatzeke@gmail.com eta 690 74 00 56 telefono zenbakia (Whatsapp).
Taldea goizeko 08:00etan abiatuko da herriko plazatik, eta irteeraren prezioa 10 eurokoa da. Gogoratu parte-hartzaileek adinez nagusiak izan behar dutela, eta adin txikikoak guraso edo heldu baten ardurapean soilik joan daitezkeela.