Asiar liztorren erlauntza gehien uda amaieran eta udazkenean agertzen eta ikusten dira; bereziki abuztua, iraila eta urria bitartean. Horrela gertatu da Uruburuko zuhaitz batean. Inguruko bizilagun bat jabetu zen erlauntza hor zegoela, eta lursail-jabeek udalera jo zuten abisua pasatzeko.
Suhiltzaileak –hiru– atzo iluntzean bertaratu ziren. Asiar liztorrak ilunabarrean eta goizaldean egon ohi dira habia barruan, aktibitate gutxiago dutenean. Suhiltzaileek segurtasun-jantzi bereziak jantzita jardun zuten.
Injekzio kimikoa
Pertika bidezko injekzio kimikoarekin tratatu zuten habia. Luzera handiko pertika teleskopikoa erabili zuten erlauntza zulatu eta barruan baimendutako biozida edo intsektizida bat injektatzeko.
Produktuak barruko liztorrak hiltzen ditu. Habia bertan utzi zuten barruan ez zeuden koloniako beste liztorrak itzultzean ere pozoitu daitezen. Habia bakarrik jausiko da.
Sasoi betea
Irailean eta urrian heltzen dira habiak tamaina maximora; izan ere, udaberrian habia txikiak sortzen dituzte erreginek eta udak aurrera egin ahala, liztor langile berriak jaiotzen dira eta behin betiko habi handiak eraikitzen dituzte.
Udazkenean, zuhaitzak hostoak galtzen hasten direnean, ezkutuan egon diren habi handi horiek agerian gelditzen dira.
Inork beste inon asiar liztorren habia bat ikusiz gero, 112 larrialdi zenbakira edo udalera deitu behar du protokoloa martxan jartzeko.