Zapatuan, hilak 5, askotariko ekintzak egingo dituzte Berraondokoa industrialdean dagoen Tgoki izeneko espazioan. Udalak bultzatuta eta gunea herritarren artean ezagutzera emateko helburuarekin egitarau zabala iragarri dute.
Ekintzen artean dira erabilera libreko tartea (12:00), horma-irudi berriaren margoketa (13:15), bazkariarekin batera skate erronken erakustaldia (14:00), txapelketa (17:00) eta Babesgabe taldearen kontzertua (22:00). "Lehen aldiz antolatu dugu Tgoki Eguna, Udalaren bultzadarekin eta herriko zenbait talderekin laguntzarekin", azaldu du antolaketa taldeko kide Josu Horrillok. "Helburua da herritarrendako ekintza bat antolatzea, espazioa ezagutzera ematea eta kirol modalitate hauek sustatzea".
Erabiltzeko espazioa
Bi lagunen artean sortu zuten espazioa orain urte batzuk. "Saltoak praktikatzeko espumazko igerileku bat egin genuen lehenengo. Guretzako egin genuen, afizioa dugulako. Urteekin gune gehiago sortu ditugu eta lortu dugu jendearen erabilerara irekitzeko moduko espazio bat sortzea. Uztailean, esaterako, umeendako udalekuak egin genituen eta balorazioa oso positiboa izan da. Orain, Udalaren bultzadarekin, Tgoki Eguna antolatu dugu. Ekintza bat gehiago da herriarendako eta espazioa ezagutzera emateko aukera dugu", esan du Horrillok.
Skate erakustaldiak
Eguerditik aurrera espazioa zabalik izango da herritarrek bisitatu eta erabil dezaten. "Barruan skate parkea dago. Mahai-futbola, mahai-tenisa eta billarrean aritzeko aukera ere badago. Bestetik, kanpoko aldean beste skate parke bat muntatuko dugu eta inguruko herrietatik etorritako skater talde batek erakustaldiak egingo ditu. Saria jasoko dute salto handienak, trikimailu ikusgarrienak eta erronda onenak".
14:00etan erakustaldia egongo da kanpoko pistan eta 17:00etan txapelketa barrukoan. "Elgetar guztiak daude gonbidatuta. Hemen badago afizioa. Egia esan, herrian skate eta pumptrack pistak egoteak asko laguntzen du".