Fernando Larrañagak, Txema Barrutiak eta Manolo Cainzosek osatzen dute udal artxiboko boluntario taldea, eta Elgetako argazki zaharren hirugarren erakusketa antolatzen ari da. Aurreko bi erakusketek eta Elgetako baserrien ingurukoak bisitari asko izan zituzten, eta beste bat antolatzea erabaki zuten. Hala, herritarrei dei egin zieten etxean gordetako argazki zaharren lagapena egiteko. "Ekain hasieran egin genuen deialdia, eta erantzuna oso positiboa izan da. Argazki asko jaso ditugu. Gozamena da! Bi erakusketa egiteko beste materiala elkartu dugu", azaldu du Fernando Larrañagak.
Azaldu dute aurretik egindako argazki erakusketetarako materiala batzea ez zela hain erraza izan. "Udal artxiboko argazkiekin egin genuen lehenengoa eta Bergarako artxibokoekin zein zenbait herritarrek utzitakoekin bigarrena, baina ahoz aho ibili ginen argazkiak eskatzen. Oraingoan, errazagoa izan da. Martitzen oro dago gutun-azalen bat guretzat udaletxeko harreran. Ez genuen horrelakorik espero".
Txema Barrutia ere eskertuta dago jendearen erantzunarekin. "Jaietako azoka egunean ere jaso nituen argazkiak. Etxetik propio ekarritako argazkiak eman zizkidan eibartar batek. Eibarren bizi naiz; Eibarren ere eman dizkidate hainbat", dio.
Baserrietatik zein kaletik
Argazkien jatorria askotarikoa da oraingoan. "Zabaleta eta Pagatza baserrietatik, esaterako, argazki asko jaso ditugu. Arantzetakoak ere badaude. Eta Egoetxeaga eta Olaegitik ere jaso ditugu. Kaleko etxeetatik ere bai; adibidez, arozenatarrek kutxa bat bete argazki ekarri zuten. Martintxoneko argazkiak ere badaude; tartean, Luisita eta Jesusa Ulazia zerbitzari taldearekin sukaldean. Denetarik dago: familia-argazkiak, jaietakoak, ezkontzak, kinto-bazkariak, ahari-dema Elgetako plazan, Elgetako dantzari taldea Oñatiko plazan dantzan... Pablo Uranga margolariaren bilobak ere argazki sorta ekarri du. Horiek ere hemen ditugu. Aurreko erakusketak politak izan ziren, baina oraingoa politagoa izango da", ziurtatu du Larrañagak.
Jasotzen jarraitzen dute
Dagoeneko hirugarren erakusketa egiteko beste material jaso badute ere, jasotzen jarraitzen dutela azaldu dute Larrañagak, Barrutiak eta Cainzosek. "Hasita gaude argazkien aukeraketa egiten, baina inork etxean gordetako argazkiak ekarri nahi baditu udaletxeko harreran utzi behar ditu, gutun-azal batean, izenarekin eta harremanetarako telefonoarekin. Konpromisoa hartzen dugu astebeteko epean eskaneatu eta jasotzeko prest izango dituela bueltan etxera eramateko".
Argazkietan ageri diren pertsonak identifikatzeko ahalegina ere egiten dute, eta erakusketa egunak egokiak izaten dira zalantzak argitzeko. Oraingoan ere horrela izango delakoan daude.