Olinpiadak, zikin-jolasak eta disko-festa egingo dituzte, udalekuak amaitzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko uztailaren 20a

Udalekuetako ume talde baten txangoa Baztarrika aldera.

Ekainaren 22a ezkero martxan dira udalekuak. 99 neska-mutiko igaro dira bertatik, eta bederatzi hezitzaileren gidaritzapean –bi, praktiketan– askotariko jarduerak egin dituzte. Gaur ekingo diote udalekuetako azken asteari.

Aurten ere, udako oporrak hasi bezain pronto zabaldu du udaleku zerbitzua Elgetako Udalak, eta, beste urte batez, asko dira familia erabiltzaileak. Gaur ekingo diote udalekuetako azken asteari –bosgarrena–, eta olinpiadak, zikin-jolasak eta disko-festa iragarri ditu, besteak beste, Nerea Villa koordinatzaileak.

Bederatzi hezitzaileren artean prestatzen dituzte jarduerak, eta guztira 99 ume igaro dira udalekuetatik. Villak dio beroa izan dela aurtengo ezaugarri nagusia. "Bero bolada betean ireki genituen udalekuak, ekainaren 22an. Zorionez, Udala argi ibili zen eta ur putzuak erabiltzeko aukera izan genuen. Ur jarduerek beti dute arrakasta handia, eta aurten izan ditugun tenperaturekin, zer esanik ez!", esan du. 

Kanpoko ekintzak nagusi

Posible izan duten guztietan kanpoko ekintzak egin dituzte udalekuetan. Taldeetan antolatuta, Goikomendira, Intxortara, Asentziora eta Egoarbitzara egin dituzte txangoak umeek, eta txikienek, herri inguruko parkeetara.

Aurreko astean Elorrioko igerilekuetara egindako goiz-pasak ere harrera oso ona izan zuen. Hain zuzen ere, parte hartze prozesuaren bitartez umeek eskatutako ekintzetako bat zen.

Eskolako eta ludotekako eraikinetan izan dute kokaleku taldeek. 2 eta 12 urte arteko umeek hartu dute parte udalekuetan, eta, adinka antolatuta, eskolan –Haur Hezkuntzako umeak eta LH5-DBH2koak– eta ludotekan –gainerakoak– izan dute lekua.

Sukaldaritza eta showa

Era berean, bestelako jarduerak ere egin dituzte. "Txikienekin eskulanak egin ditugu –ahatetxoak, saguak eta abar–, eta apur bat handiagoekin sukaldaritzan ibili gara. Pizza hotzak, sandwich dibertigarriak eta opiltxo mexikarrak egin ditugu", azaldu du Villak. "Buruhandien jaietarako egindako ongietorriak, Hezitzaile ezkutuaren bila jolasak eta sanferminetako entzierroak ere arrakasta polita izan dute". 

Arau-hausteak kudeatzeko modua ere berria izan da. "Barikuetan showak egin ditugu eta arau-hauste gehien egindakoek eskaini dute ikuskizuna. Denetik ikusi dugu: dantzak, txisteak, magia trikimailuak, akrobaziak...". 

Azken asteko ekintzen zain, hezitzaile taldeak Mari Bolinagak emandako laguntza eskertu du: "Premia berezi batzuk izan ditugu, eta benetan lagungarria izan da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak