Elgetako EAJk proposatu du Pagatzako industrialdera sartzeko bidegurutzea biribilgune bihurtzea

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko uztailaren 13a

Elgetako zinegotzi Iker Laka jeltzaleak biribilgunea egitea proposatzen duten bidegurutzean.

Elgetako EAJ udal taldeak Gipuzkoako Foru Aldundiari helarazi dio proposamena eta azaldu dute lurralde erakundeak proposamena berriro aztertzeko prestutasuna azaldu duela. Jeltzaleek uste dute biribilguneak "bide-segurtasuna hobetu", "zirkulazioa antolatu" eta "oinezkoen joan-etorriak errazteko pasabide seguru bat" sortzeko aukera emango lukeela.

Elgeta-Elorrio errepidean industrialde parean dagoen bidegurutzea biribilgune bihurtzea da proposamena. Jeltzaleen esanetan bide segurtasuna hobetu eta udalerriko zirkulazio intentsitate handieneko puntuetako batean zirkulazioa errazteko modua izango litzateke.

Sarbide "seguruagoa" eskaintzeko

Iker Laka buru duen udal taldearen ustez biribilgune batek aukera emango luke "ibilgailuen mugimenduak hobeto antolatzeko, arrisku egoerak murrizteko eta bidearen erabiltzaile guztientzat sarbide seguruagoa eskaintzeko. Gainera, jarduketa horri esker, oinezkoentzako pasabide seguru bat sortu ahal izango litzateke, errepidearen bi aldeak lotuko dituena eta ibilgailuen eta oinezko joan-etorrien arteko bizikidetza hobetuko duena".

Lakak azaldu du: "Proposamen hau bidegurutze honen errealitatea bertatik bertara ezagutzen dutenei entzutetik sortu da. Enpresek, langileek eta garraiolariek kezka partekatu bat helarazi digute, eta uste dugu segurtasuna handituko duen eta ingurune horretako mugikortasuna hobetuko duen erantzun bat emateko unea dela. Bide-segurtasunak lehentasuna izan behar du. Arriskuak prebenitzeko eta azpiegitura horiek erabiltzen dituztenen egunerokoa hobetzeko aukera dagoenean, erakundeok erantzukizunez jokatu behar dugu, eta herritarren benetako beharrei erantzungo dieten irtenbideak bilatu".

Jeltzaleek azaldu dute Aldundiak proposamena berriro aztertzeko prestutasuna azaldu duela eta espero dute teknikoki aztertu ahal izatea "errepide sareko puntu honetarako irtenbiderik onena aurkitzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak