Kiroldegia handitzeko aurreproiektuak egungo eraikinaren ondoan beste bat eraikitzea jasotzen du. Udalak ekain erdialdean egin zuen proiektuaren jendaurreko aurkezpena, eta orain, erakusketa eta galdetegia ipini ditu kultura etxeko buztin gelan. "Herritarrek aurreproiektuaren xehetasunak ezagutu ahal izango dituzte erakusketan –aurrekariak, espazioak, erabilerak eta bestelako ezaugarriak–, eta, aldi berean, beren ekarpenak egiteko aukera izango dute", azaldu du Jokin Merino udal teknikariak.
1,2 milioi euroko aurrekontua
Aurreproiektuak ez du jasotzen gaur egungo kiroldegian aldaketarik egitea, baizik eta aldamenean beste eraikin bat eraikitzea. Eraikin berriak 600 metro karratuko azalera izango du, eta erabilera askotariko bi gela, rokodromoa, gimnasioa, spinning gela eta aldagelak. Gaztetxea bota, eta pumptrack-gunerainoko orubean kokatuko litzateke. Arktelier estudioko Oihane Aniak eta Estanislao Fernandezek egin dute aurreproiektua eta 1,2 milioi euroko aurrekontua du.