"Elgetako Udalak bat egiten du Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenaren eta Foruen abolizioaren 150. urteurrenaren oroitzapenarekin, eta bi efemeride horien garrantzi historikoa, politikoa eta instituzionala aitortzen du". Horrela dio ekainaren 30ean egindako osoko bilkuran EH Bilduko eta EAJko udal ordezkariek aho batez onartutako mozioak.
Zazpi puntuko idatzia da, eta aldarrikatzen dituenen artean dago "foru integrazioaren eta burujabetza osoaren bidean urrats berriak egitea, eta, horretarako, Euskal Herriko lurraldeen eskubide historikoak eta autogobernua eguneratzea, gaur egungo behar demokratiko, sozial eta instituzionaletara egokituz".
Ekitaldia Bergaran
Hala, Elgetako Udalak bat egin du uztailaren 19an Bergaran egingo den ekitaldi politikoaren eta instituzionalaren helburuekin; Alkateen Mugimendua gogoratzea, 1976ko udal ordezkarien ekarpena aitortzea eta Euskal Herriaren eskubide historikoen aldeko konpromisoa berritzea.
Burujabetza handiagoa aldarri
Elgetako udal ordezkaritza izango da Bergarako ekitaldian; izan ere, Udalak bat egin du aldarrikapen nagusiarekin: "Euskal Herriak autogobernu eta burujabetza handiagoa behar ditu etorkizuna bere herritarren borondate demokratikoaren arabera antolatzeko".
Hauxe azpimarratu zuen EAJko ordezkari Iker Lakak: "Gure autogobernua erasoak ari da jasotzen, eta, zoritxarrez, gehiago jasoko dituelakoan gaude. Euskararen gaiari erreparatzea besterik ez dago". Jeltzaleak aldarrikatu zuen etorkizunari erabakitasunez heltzeko autogobernua "zaindu, gaurkotu eta handitu" egin behar dela.