Haizea tabernan lan egiteak herriko jendea beste modu batera ezagutzeko aukera eman dizu?
Bai, noski. Haizean lanean hasi aurretik ez nuen herriko jende gehiena ezagutzen; nire ingurukoak baino ez nituen ezagutzen. Tabernan lan egiteak aukera eman dit jende asko ezagutzeko, haiekin hitz egiteko eta herria beste ikuspegi batetik bizitzeko.
Inoiz gertatu zaizu kalean norbaitek zure izenez agurtzea eta zuk ez jakitea nor den?
Bai, askotan! Batzuetan, jendeak agurtzen nau, nire izenez deitzen dit eta ni pentsatzen geratzen naiz: "Eta hau nor da?". Tabernan jende asko pasatzen da, eta normala da horrelakoak gertatzea.
Zein izan da tabernan gertatu zaizun anekdotarik dibertigarriena?
Momenturik dibertigarrienak adineko emakumeak partidak jokatzen ari direnean izaten dira. Denak batera hasten dira hitz egiten, oihuka, nor bere iritzia ematen... eta sekulako giroa sortzen da. Benetako ikuskizuna da.
Nondik sortu zitzaizun azazkalak egiteko zaletasuna?
Kasualitatez hasi zen dena. Hasi nintzenean lehenengo marrazkiak egiten eta teknikak probatzen, konturatu nintzen nail art-a [manikura artistikoa] benetan gustatzen zitzaidala. Orduan ohartu nintzen hori nire pasioetako bat izan zitekeela.
Noiz erabaki zenuen zaletasuna zerbait serioago bihurtzea?
Hasieran, azken aukera bezala izan zen. Ez nuen inoiz pentsatu hainbeste gustatuko zitzaidanik edo hain serio hartuko nuenik. Baina gero eta gehiago ikasi ahala, konturatu nintzen benetan gustatzen zitzaidala, eta serioago hartzea erabaki nuen.
Nola definituko zenuke zeure burua?
Pertsona alaia naiz, nahiko inpultsiboa, burugogorra eta arriskatzeko prest dagoena. Gauzak gustatzen zaizkidanean, buru-belarri sartzen naiz.
Zertan zara oso ona eta zertan oso txarra?
Esango nuke oso ona naizela azazkaletan marrazkiak eta diseinuak egiten. Baina, adibidez, paper bat eta arkatz bat ematen badizkidazu marrazteko, seguruenik ez da gauza bera aterako.
Zer ez luke jendeak inoiz asmatuko zuri buruz?
Jende askok ez du ikusten zenbaterainoko segurtasun falta izan dezakedan proiektu berri bati ekiteko orduan. Kanpotik ausarta ematen dut, baina, askotan, zalantzak ere izaten ditut.
Zer esango zenioke duela bost urteko Xabierri?
Esango nioke aurrera jarraitzeko, igerilekura buru-belarri salto egiten jarraitzeko eta ez ikasteko gehiago gustatzen ez zaizkion gauzak. Nail art-era gehiago bideratzeko esango nioke, hori izango da-eta haren benetako pasioa.
Zer amets edo proiektu duzu oraindik egiteko?
Proiektu asko ditut buruan, eta batzuk martxan ere badaude, baina amets handienetako bat Marsellan egiten den nail art txapelketa batean parte hartzea da. Oso esperientzia polita izango litzateke, eta neure burua probatzeko aukera bikaina.