Behin-behineko balorazio positiboa, barikuko erasoak "irmoki" gaitzetsita

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko uztailaren 10a

Herri Eguneko euskal dantzen saioan parte hartu zuten dantzarietako batzuk.

Jaietako batzordeburu Ikuska Lizarralderen hitzak dira. Txosnaguneko eraso matxista izan da festetako puntu iluna. Esan du, gainerakoan, "ondo" joan direla jaiak. Batzordea eguaztenean elkartuko da balorazioa egiteko.

Lau egunez kalean egin dute topo elgetarrek eta nork bere erritmora Ferixa Nagusiko jaiekin gozatzeko aukera izan du.

Jai Batzordea eguaztenean elkartuko da, hilaren 15ean, balorazioa egiteko. Udaletxean izango da, 19:30ean. Bien bitartean, batzordeburu Ikuska Lizarraldek adierazi du behin-behineko balorazioa "positiboa" dela. "Parte-hartzea ona izan da eta oraingoz jaso ditugun iritziak pozgarriak izan dira. Adin guztietako herritarrentzako jaiak izan dira, ekintza berriak egon dira: umeendako herri kirol parte hartzaileak, gazteendako puzgarriak gauez, bermuta erretiratuendako, kontzertuak adin eta gustu guztiendako... Orokorrean, giro ederra egon da kalean; betiere, barikuko erasoak irmoki gaitzetsita, noski".

Boluntario gutxi

Eguazteneko balorazio batzarrak emango duenaren zain, Lizarraldek eskerrak eman dizkie jaietan boluntario lanak egin dituzten herritarrei. "Jaiak aurrera eramateko boluntarioak beharrezkoak direla azpimarratu nahi dut. Beraz, eskerrik beroena antolakuntzan boluntario lanak egin dituzten herritarrei. Aipatzekoa da aurtengoan boluntario kopurua txikiagoa izan dela eta horrek lan-karga handiagoa izatea ekarri duela", gaineratu du Jaietako batzordeburuak. 

Horrekin batera, eguazteneko balorazio batzordera deitu ditu herritarrak. "Ekarpenak eta balorazio zehatzak egiteko elkartuko gara; betiere, Ferixa Nagusiko jaiak eta bertako antolaketa hobetzeko asmoz", gaineratu du.

Ganadu azoka

Jaietako erronka nagusietako bat ganadu azoka izan da aurten. Herriko abeltzainen parte hartzera mugatua, balorazio positiboa egin dute antolatzaileek eta parte hartzaileek. Barrenengua baserrikoak izan dira behi-azienda guztiak; 130 bat buru. "Batzuk kamioian ekarri genituen, baina beste batzuk oinez. Goizean triste egon zen azoka, baina iritsitakoan espero baino jende gehiago ikusi genuen plazan eta eguerdirako animatzen joan zen kontua; beraz, pozik", azaldu zuen Barrenenguako Julen Beretxinagak.  

Urteroko abeltzaina da Lapurdi baserriko Roberto Basauri: "Azoka janzteko etortzen naiz, 1980a ezkero. Astoak eta behorrak bakarrik ditut". Garrantzitsu deritzo egoera zein den ikusita ganadu azokari eutsi izanari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak