"Matxistatzat eta nazkagarritzat" jo dute gutxienez hiru emakumeri eraso egindako gizonezkoaren jarrera

Goiatz Arana Begiristain 2026ko uztailaren 5a

Elkarretaratzea egin zuten atzo gauen, bezperan, Ferixa Nagusiko jaietan, gizonezko batek hainbat emakumezkori –hiru, gutxienez– eraso egin izana salatzeko. Protesta ekitaldiaren deitzaileek adierazi zuten, "emakume horien askatasunaren eta duintasunaren aurka egiteaz gain, bortizkeria egoera handia sortu" zela txosnagunean; bertan izan ziren gertakariak.

Bart gaueko hamarretarako zegoen deituta mobilizazioa, plazan, eta jendetsua izan zen. Oholtza gainetik, hitza hartu zuten udaleko zinegotziek, Amantalak talde feministako ordezkariek eta txosna kudeatzen duen Gazte Asanbladako kideek; zortzi ziren, guztira. 

Informazioa jaso zen momentutik protokoloa aktibatzea erabaki zutela azaldu zuten, eta "erasotzailea bi aldiz kanporatu behar izan" zutela txosnagunetik: "Publikoki salatu nahi dugu gizonezko horrek erakutsitako jarrera nazkagarria eta matxista; alkoholak ez du sekula justifikatuko jarrera matxistarik".

"Aurrean izango gaituzue"

"Gertaerak izandako inguruan hainbat pertsonak hartutako jarreraren ondorioz txosnagunean sortutako jarrera bortitza" ere salatu zuten, eta, azkenik, azpimarratu zuten, halakoetarako, erasoen kontrako protokolo feminista bat dagoela, eta "errespetatu beharra" dagoela "erantzun koordinatu eta antolatu bat eman ahal izateko". Gaineratu zuten atzokoa ez zela kasu isolatu bat izan, eta ez dutela halakorik onartuko: "Atzokoa ez zen kasu isolatu bat izan, gure jai giroa oztopatzen duen eta kolpatzen gaituen sistema baten ondorio baizik. Nazkatuta gaude, eta argi utzi nahi dugu ez dugula horrelako ekintzarik inolaz ere onartuko, ez Elgetan ez inon. Erasotzaile eta konplize zaretenok aurrean izango gaituzue". 

"Gora borroka feminista" oihukatuz, eta gaitzespen ekitaldira batutako herritarren txaloekin amaitu zuten elkarretaratzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak