Mozorrotuta abiatu dituzte Ferixa Nagusiko jaiak

Eki Letona Erretolatza 2026ko uztailaren 2a

Elgetako Ferixa Nagusiko jaiek eztanda egin dute gaur arratsaldean, eta, ohiturari eutsiz, herritarrek mozorrotuta eman diote hasiera festari. Aurtengo mozorroen gaia telebista izan da, eta irudimenak berriro ere protagonismo osoa hartu du Salbador kaletik Herriko Plazarainoko jaitsieran.

19:30ean abiatu dira kuadrillak Burrunbazale txarangaren doinuek lagunduta. Telebistaren munduan inspiratutako mozorroak nagusitu dira kaleetan: saio ezagunak, marrazki bizidunak edo albistegiak izan dira ikusgai, umorea eta sormena uztartuz.

Herriko Plazan, alkateak aginte makila eman dio aurtengo alkate txikiari, Xabat Agirreri. Ondoren, pregoia irakurri du eta jaietarako gonbita egin die herritar guztiei: "Ondo pasatu eta egin ditzagun jaiak elkarrekin. Gora Elgetako jaiak!".

Jaiak euskaraz

Aginte makila alkate txikiari eman aurretik, alkateak jaiak errespetuz bizitzeko mezua zabaldu du. Gogorarazi du eraso matxisten aurkako protokoloa martxan dagoela eta txosnagunean izango dela babesgune, behar duen edonoren eskura. Bestalde, azken egunotan selektibitatearen inguruan piztu den eztabaidari ere egin dio erreferentzia, eta euskarak beste behin eraso bat jasan duela alatu du. Horren aurrean, herritarrei euskaraz harro bizitzeko eta jaiak euskaraz ospatzeko gonbita egin die, "Gure erantzunik gure ahotsak batzea da, eta kaleak gure hizkuntzaz betetzera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak