Atzo hasi ziren aurtengo Ferixa Nagusiko jaiak, Mozorro Egunarekin. Telebista izan da aurtengo gaia, eta herritarrek, beste urte batez, kolorez bete zituzten Elgetako kaleak. Gaurtik domekara bitartean, era berean, festak etenik gabe jarraituko du, ohiko ekintzekin, eta aldaketa batzuekin.
Ganadu azokarekin aurrera
Zenbait aldaketarekin bada ere, aurrera jarraituko du etzi 09:00etan hasiko duten ganadu azokak. Beste urte batzuetan ez bezala, herriko abeltzainen animaliekin soilik egingo dute. Erabaki horren atzean behi-aziendei eragiten dien dermatosi nodular kutsakorra dago.
Kutsatzeak ekiditeko, behi-azienden garraiorako arautegia asko zorroztu da, eta horrek ekarri du beste hainbat herritan gisa horretako azokak bertan behera uztea. Hala ere, Udalak aurrera egitea erabaki du, eten batek etorkizunean ez egitea ekar dezake eta. Horrek eragin du azoka herriko abeltzainen animaliekin egitera mugatzea. Abelgorri guztiak ustiategi bakarrekoak izango dira; zehazki, Barrenenguako Itsaso Antxiarenak.
Barazkiak eta artisauak ere bai
Ohiko moldeetan itzuliko den ekintzetako bat barazki eta artisau azoka da. Etzi, domeka, 10:00etan hasita, 50 postu inguru izango ditu aurtengo azokak, eta herritarrek askotariko produktuak eskuratu ahal izango dituzte bertan. Postu gehienak artisauenak izango diren arren, elikagaiak saltzen dituzten hainbat ere bertaratuko dira. Elgetarrek ere izango dute presentzia azokan, eta bertan izango dira Pili Arin, Omar Bitti, Sonia Miranda, Ikram Harraz eta Jon Arantzeta (Erlama).
Herri kirolen erakustaldia gaur
Umeen eta Erretiratuen Eguna da gaur, eta batzuen zein besteen bazkariek ez dute hutsik egingo. Egun honetan klasiko bilakatu den ekintzetako bat ere itzuliko da, herri kirolen erakustaldia, 18:00etan. Xabier Zaldua eta Nerea Arruti aizkolariak eta Lierni Osa eta Jon Gisasola harri-jasotzaileak izango dira. Gisasolak azaldu duenez, pozik egoten dira herrian sortzen den giroarekin: "Hiruzpalau urtez joan naiz Elgetara, eta jende dezente joaten da plazara. Eguerdian zein arratsaldean egin izan ditugu, eta beti egon da jendea gu ikusteko prest. Giro polita sortzen da".
Bazkaria, bizikletak eta dantzak
Bihar egingo dute jaietako ekitaldi jendetsuena izan daitekeena, Herri Eguneko bazkaria. Beste urte batez, Paellas Vicenteko kideak etorriko dira paella egitera, eta Pello Bilbao elgetarrak erretako saiheskiak izango dira, 14:30ean . Hala ere, aurretik, 13:00etan, herriko gaztetxoek hartuko dute protagonismoa. Eibarko Kezka dantza taldeko kideen gidaritzapean, 43 haurrek euskal dantzak egingo dituzte. Lau dantza izango dira osotara: Iturria (HH), sagar dantza (LH 1-3), Lesaka (LH 4-6) eta dantza soltea (DBH).
19:30ean helduko da berrikuntzetako bat, bizikleta ikuskizuna, kantxan. "Elgetarrek barreak, ikusleen parte hartze aktiboa eta, nola ez, salto ikusgarriak espero ditzakete", dio ikuskizuneko protagonista Pablo Adamek. Alkatearen gainetik ere salto egingo duela azaldu du: "Ikuskizunaren une dibertigarriena izaten da guztientzat; alkatearentzat, ez".
San Fermin txapelketa herrian
Pilotak ez du hutsik egingo Ferixa Egunean. B Serieko San Fermin txapelketako kanporaketak hartuko ditu frontoiak, 17:00etan. Senar-Lizeaga eta Amiano-Landa bikoteen arteko lehia izango da lehena, eta irabazleak txapelketako A taldean sartuko dira. Bigarren norgehiagokan Elordi-Aldabe eta Salaberria-Bikuña bikoteak izango dira aurrez aurre, B taldean sartzeko asmoz. Sarrerak Bolatokian erosi daitezke, 20 eurotan.
Protokoloa martxan da
Jaietan erasoen aurkako protokoloa martxan izango dela azaldu du Berdintasun zinegotzi Ione Elkorok: "Herritar guztiek jakin behar dute erasoren bat jasan edo ikusiz gero txosnako zein tabernetako langileengana jo behar dutela. Haiek badakite zer egin kasu horietan". Hala ere, beren nahia protokoloa aktibatzeko beharrik ez izatea litzateke: "Espero dugu jai seguruak izatea, bizikidetzan, errespetuan eta berdintasunean oinarrituak".