Gaztetxe ondoko lautadan txosna jarriko du aurten ere Elgetako Gazte Asanbladak. "Gaztetxea ez da zabalik egongo. Txosna eskatuta zegoen, eta erabaki dugu mantentzea", azaldu du Gazte Asanbladako kide Leire Belamendiak.
Eguenean zabalduko dute. Mozorro jaitsieraren osterako iragarri dute irekiera (20:00). "Txupinazoa egingo dugu, hitz batzuk esanda, eta lehenengo egitekoa izango da mozorroen sariak banatzea", adierazi du. "Txosna jartzen hasi ginenetik egiten dugu. Bi sari izango dira aurten ere: mozorro onenaren saria eta mozorro txarrenarena".
Musika eskaintzari dagokionez, Manitu (Zestoa) eta Harrikada (Antzuola) taldeek joko dute eguenean eta Begibide erromeria taldeak (Ermua) barikuan.
Gazte bazkaria
Barikuko egitaraua beteta dator. Gazteen bazkaria antolatu dute txosnagunean. Txartelak salgai daude, Janelan, 10 eurotan. "Tribiala egingo dugu bazkalostean, taldeka parte hartzeko antolatuko dugu", azaldu du Belamendiak. 20:00etarako iragarrita dagoen drag ikuskizunari ere garrantzia ematen diote Gazte Asanbladan. "Iaz izan genuen lehenengo aldiz, eta oso ondo egon zen". Asier Errarte elgetarra da kideetako bat. "Iaz bezala, ikuskizun ibiltaria izango da; kalejira formatuan egingo dute. Txosnagunean hasiko dugu eta hainbat lekutan ikusteko aukera izango da".
Goizeko ordu txikiak arte iraungo du festak, eta gaupasa-zaleek urteroko argazkia ateratzeko hitzordua dute zapatuan, 07:00etan, gaztetxeko lautadan. "Eguraldi ona bada, jende asko elkartzen gara. Iaz, esaterako, horrela izan zen", esan du Belamendiak. Zapatuko herri bazkari osteko bingo saioa eta gaueko zumba saioa ere Gazte Asanbladaren esku etorriko dira.
Txosnako txandak
Egunotan antolatuko dituzte txosnako txandak; Haizea tabernan dago izena emateko zerrenda, eta boluntario guztiak izango dira ongietorriak. "Oso gogotsu gaude jaietarako. Aurten, gainera, gazteagoak gerturatu dira Gazte Asanbladara, eta motibazio bereziarekin arituko gara", esan du Belamendiak. Amaitzeko, gogorarazi du txosnagunean ere indarrean izango dela erasoen kontrako protokoloa. Barrako zerbitzariengana jo daiteke.