Eguenerako mozorroak prestatzen dihardute elgetarrek; 'telebista' da gaia

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko ekainaren 26a

Gazte kuadrilla bat, mozorrotuta, iazko jaien hasieran. goiena

Elgetarrek mozorrotuta hasten dituzte jaiak, eta aurtengo bozketan boto gehien jaso dituen gaia telebista izan da. Herriko kuadrillak eta norbanakoak isilean ari dira lanean

Ferixa Nagusiko Jai Batzordeak aste barruan banatu du jaietako egitaraua herriko postontzietan. 60.000 euro inguruko aurrekontua dute jaiek, eta, ohikoa denez, eguenarekin hasi eta domekara arte iraungo dute.

Elgetarrek mozorrotuta hasten dituzte jaiak, eta aurtengo bozketan boto gehien jaso dituen gaia telebista izan da. Askoren helburua da originalenak izatea eta Gazte Asanbladak banatzen duen saria eskuratzea. "Bi sari banatzen ditugu", azaldu du Gazte Asanbladako Leire Belamendiak: "Mozorro onenarena eta mozorro txarrenarena". 

Mozorrotutako kuadrillek 19:30ean egingo dute Salbador kaleko jaitsiera, Burrunbazale txarangak lagunduta. Denen artean joango da alkate txikia. Aurten, Xabat Agirreri egokitu zaio kargua, eta, behin plazara iritsitakoan, hark botako du jaietako pregoia.

Mozorro jaitsieran adi egongo dira Gazte Asanbladako kideak eta txosnagunea ireki bezain pronto banatuko dituzte bi sariak.  

Umeen eta Erretiratuen Eguna

Biharamunean, barikuan, Umeen eta Erretiratuen Eguna izango da. Urtero moduan, umeendako puzgarriak egongo dira goizez herrian, eta, aldi berean, urtean zehar hildako erretiratuen aldeko meza esango dute, 12:00etan, parrokian.

Bazkaltzeko, berriz, hiru hitzordu daude antolatuta herrian: umeen bazkaria plazan, gazteena gaztetxeko lautadan eta erretiratuena kiroldegian. "Umeen bazkarirako txartelak Haizea tabernan eros daitezke", azaldu du Jai Batzordeko zinegotzi Ikuska Lizarraldek. 

Horrekin batera, azaldu du erretiratuen bazkarirako 54 lagun daudela izena emanda. "Bazkaria 14:30ean izango da, kiroldegian, eta apur bat lehenago, 13:45ean, elkartuko gara udal ordezkariak haiekin bermut bat hartzeko eta krabelin bat oparitzeko. Argazkia ere aterako dugu", gaineratu du.

Herri kirolak 

Bariku arratsaldean ez da puzgarririk egongo aurten; izan ere, Jai Batzordeak herri kirol parte-hartzaileak antolatu ditu.

Adin guztietako elgetarrendako izango dira, eta ondoren etorriko da herri kirolen erakustaldia. Xabier Zaldua, Nerea Arruti, Lierni Osa eta Jon Gisasola arituko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak