Euskal dantzak, Bergarako erraldoiak eta bazkaria Herri Eguna ospatzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko ekainaren 30a

Dantzari gazteak, euskal dantzen emanaldia egiten.

600 lagunentzako paella erraldoia egingo dute plazan; ehun errazio izango dira aukera beganoa nahiago dutenendako

Udalak jaioberriei eskainitako ongietorri ekitaldia (12:00), Bergarako erraldoiak (12:30) eta euskal dantzen ikuskizuna (13:00) izango dira, aurten ere, Herri Eguneko lehen ekitaldiak. Jai Batzordeak jakinarazi du azken urtean bederatzi ume jaio direla herrian eta guztiak daudela udaletxean egingo den ongietorri ekitaldira deituak. Zapi eta oparitxo bana jasoko dute.

Euskal dantzen emanaldian askotariko piezak prestatu dituzte herriko umeek eta gazteek, Eibarko Kezka dantza taldeko kideen gidaritzapean. Saioa amaitutakoan, herriko emakume zein gizon edadetuenak omenduko ditu Udalak, eta zapi bana jasoko dute. Udalbatzak herritarren aurrean egiten duen soka dantzaren txanda izango da ondoren.

600 lagunentzako bazkaria

Paella eta saiheskia jan ohi dituzte elgetarrek Herri Egunean, eta horrela aurreikusita dago. Paellas Vicenteko kideak etorriko dira paella egitera, eta Pello Bilbao elgetarrak erreko du saiheskia. Txartelak salgai daude. Urtero legez, Jainaga eta Narbaizaren trikiti doinuekin luzatuko dute bazkalostea. 

"Arratsalderako, Pablo Adame trial pilotuaren ikuskizuna dago aurreikusita", azaldu du Jai Batzordeko zinegotzi Ikuska Lizarraldek. "Esperientzia handiko pilotua da eta akrobazia ikusgarriak egiten ditu. Adame bike trial modalitateko txirrindulari profesionala da, hirutan izan da Espainiako txapeldun eta behin mundukoa. Badu jauzi bat Alkatearen jauzia izena duena, eta Elgetan ere egingo du". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak