Gazte asanbladak San Juan bezperan zabalduko du gaztetxea

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko ekainaren 19a

San Juan sua, Elgetan.

Txistor-pintxoak, garagardoa eta kalimotxoa salduko dituzte lehen aldiz zabalduko duten barran. Horrekin batera, Maala guraso elkarteak urteroko ekintzak antolatu ditu Bolatoki inguruan.

Gazte Asanbladako kideek jakinarazi dute pintxo-potea eskainiko dutela hilaren 23an, gaztetxean. Herriko gazteak martxoaren 31n egindako Gazte Egunean sartu ziren gaztetxera, eta, ordutik, espazioa garbitzen eta konpontzen aritu dira. Barra dagoen espazioa txukundu dute, eta bertan txistor-pintxoak, garagardoa eta kalimotxoa salduko dituzte.

Gaztetxearen irekierak bat egingo du San Juan bezperako ekintzekin. Maala guraso elkarteak eman du aurtengo ekitaldien berri: DJ Kaktusen emanaldia (18:00), ogitartekoen banaketa (20:30) eta suaren bueltako kantak eta dantza (21:30) iragarri dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak