Eltxo tigreen eta kaparren ziztadak saihesteko gomendioak eguenean

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko ekainaren 22a

Familia giroan egiteko ekintza, urmaelean.

Bi dibulgazio-saio egingo ditu Elgetan nekazari-ikerketa eta garapenerako euskal erakundeko (Neiker) ikertzaile Aitor Cevidanesek. Lehena familiendako izango da 17:00etan urmaelean eta bigarrena 19:00etan udaletxeko areto nagusian.

Neikerreko Animalien Osasun Saileko bektore eta parasitologiako lantaldeko arduraduna da Cevidane , eta eltxo tigreen eta kaparren ziztadak saihesteko gomendioak emango ditu hilaren 25ean Elgetan. Eltxo tigreak eta kaparrak izango ditu bereziki berbagai. "Kaparra aspalditik ezagutzen dugu Euskal Herrian. Animaliei odola xurgatzetik bizi da eta basoko sastraka artean bizi da erosoen", azaldu du. "Komeni izaten da mendira goazenean arropa luzeak erabiltzea eta mendi pistetatik ez irtetea. Bateren bat gorputzean itsasten bazaigu, komeni da lehenbailehen ateratzea, gaixotasunak transmititzeko 24-48 orduko denbora behar izaten delako. Larrialdietara jo daiteke, ondo ateratzea lortzen ez badugu". 

Eltxo tigreekin ere kezka handia dago uda atarian. "Asiatik datorren espezie inbaditzailea da eta nahiko azkar ari da zabaltzen Euskal Herrian", azaldu du Cevidanesek. "Ur-putzu txikiak ditu gustuko –loreontziak, euriak urez betetako jostailuak...–. Etxe inguruan horrelakoak saihestea komeni da. Horrekin batera, jakin behar dugu eltxo tigrea egunez dela aktiboagoa, ez hainbeste gauez".

Aurretik, saioa urmaelean

Cevidanesek 19:00etan egingo du hitzaldia, udaletxean. Aurretik, familientzako saioa egingo du, urmaelean, 17:00etan. "Eltxoak urmaelekin lotu ohi dira, baina uste okerra da", aurreratu du. Elgetako urmaelean zer nolako bizidunak dauden aztertuko du saioan eta ikertzaileek laginketak nola egiten dituzten azalduko du, besteak beste. Ordubete inguruko saioa izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak