Elgetako Musika Gelako ikasleek urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat dute aste honetan: ikasturte amaierako kontzertua. Ohitura denez, urtean bi kontzertu egiten dituzte, bat Gabonetan eta bestea ikasturte amaieran. Oraingoa eguenean, hilaren 18an, izango da.
Lorea Larrañaga musika irakasleak jakinarazi duenez, emanaldia Espaloia kafe antzokian egingo dute, 19:00etan.
28 ikasle eta instrumentu aniztasuna
Guztira 28 ikaslek hartuko dute parte saioan eta instrumentu aldetik, eskaintza zabala eta anitza izango da oholtzan. Bertaratzen direnek pianoa, gitarra, oboea, tuba eta biolina entzuteko aukera izango dute. Gehienak Elgetako musika eskolako ikasleak badira ere, hiru partaide Bergarako musika eskolara joaten dira gaur egun; zehazki, oboea, tuba eta biolina jotzen duten ikasleak.
Saio jendetsua eta hurbila
Ikasturte amaierako saio hauek jendetsuak izan ohi dira, ikasleen senide, lagun eta gertuko asko biltzen baitira. Saioa ahalik eta ondoen prestatzeko, ikasleek kafe antzokian bertan egingo dituzte entseguak emanaldiaren aurreko egunetan.