Abaltzisketan jaioa, 88 urterekin hil da Guadalupe Ibarbia Garmendia. Ramon Zabala elgetarrarekin ezkondutakoan iritsi zen Elgetara. Irakaslea zen eta herriko eskolan aritu zen erretiroa hartzeko unea iritsi zitzaion arte.
Behin erretiratuta, Xalbadorpe elkartean sartu zen eta handik gutxira, 2003. urtean, sartu zen zuzendaritza taldean. Bokala izan zen lehenengo eta lehendakariordea jarraian. Azkenik, 2006ko maiatzean hartu zuen idazkari kargua. Hogei urtez jaso ditu elkarteko aktak euskaraz.
"Lagun oso ona izan da niretzat", azaldu du Xalbadorpe elkarteko presidente Jose Antonio Ojangurenek. "Nekaezina zen eta beti zegoen lanerako prest. Euskararen alde beti, eta lanak amaitu arte etxera erretiratzen ez zena", azaldu du. "Berari esker daude elkarteko aktak euskaraz. Argi zeukan, gainera, horrela behar zuela".
Elgetako Goibeko Euskaltzaleen elkartean ere euskaltzale amorratu moduan gogoratzen dute Ibarbia. "2017an egin genituen lehen aldiz Euskaltzaleen Eguna eta Euskararen Soka. Berarengana jo genuen ekitaldiari irekiera emateko. Berehala agertu zen parte hartzeko prest", azaldu dute.
Hain zuzen ere, Ibarbiak eraman zuen Euskararen Sokaren hasierara 300 lagunek osatutako katea eskuz esku zeharkatu zuen mezua.
Hileta-elizkizuna
Ibarbiaren aldeko hileta-elizkizuna bihar, barikua, izango da Elgetako Parrokian, 18:00etan. Familiak Bergarako Oroilore beilatokian hartuko ditu gertukoak eta lagunak, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 17:30era.