Ekainean etxe bueltan egingo dute irteera Kantsatzeke mendi taldeko kideek. Azaldu dute aurten ekingo diotela Hartzaren Urratsa GR-289 Debagoienari birari. Bost etapa dira, eta urtean bat egiteko asmoa dute. Ekainaren 21ean egingo dute lehen etapa, Bergara eta Arrasate artekoa. "Bergaran hasi eta Asentziora etorriko gara gero, Kanpanzarrera egin eta hortik Udalara igotzeko. Azkenik, Arrasatera jaitsiko gara", azaldu dute.
Sei edo zazpi orduko buelta izango dela kalkulatzen dute. "Irteera normalak baino zertxobait luzeagoa da, baina ez ezinezkoa. Udari begira norberaren indarrak probatzeko test polita. Ibilbidea, berez, erraza da, bide onetatik; eta bistak, politak. Hor izango ditugu Aralar, Aizkorri, Kurutzeberri, Udalaitz eta Anboto aldea bistan bidean zehar".
Izen-ematea zabalik
Izen-ematea zabalik da eguenera arte, hilak 18, kantsatzeke@gmail.com zein 690 74 00 56 telefono zenbakian (Whatsapp). Taldea 07:00etan abiatuko da herriko plazatik eta prezioa da 5 euro. Adin txikikoek parte hartzeko baldintza da guraso edo nagusi baten ardurapean izatea.