Herriko zortzi elkarteren artean banatuko du Udalak 12.000 euroko diru-lerroa

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko ekainaren 8a

"Elkarteen jarduera sustatzeko laguntza" da eta osorik banatu dute aurten. Iaz baino 2.000 euro gehiago banatu ditu Udalak 2026ko dirulaguntza deialdian. Deialdi horretan, Maala guraso elkarteak jasoko du diru-kopuru handiena; 4.275,84 euro –eskatutakoaren %85,5–. Partida txikiena, berriz, Domingo Iturbe Fest jai batzordeak jasoko du: 241,57 euro –eskatutakoaren %100–.

Herriko zortzi elkarte aurkeztu dira Udalak egindako dirulaguntza deialdira, eta, neurri desberdinean bada ere, denek jasoko dute diru-partida bat. "Zerrendako zortzi elkarteek eskatu dute dirulaguntza, eta erabilgarri zeuden 12.000 euroak banatu ditugu. Saiatu gara elkarte bakoitzaren eskakizunak oinarrietan jasotako irizpideen arabera baloratzen, ahalik eta diru kopuru handiena emateko. Taulan jasotakoa da emaitza", azaldu du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak.

Deialdi horretan, Maala guraso elkarteak jasoko du diru-kopuru handiena; 4.275,84 euro –eskatutakoaren %85,5–. Partida txikiena, berriz, Domingo Iturbe Fest jai batzordeak jasoko du: 241,57 euro –eskatutakoaren %100–.

Bigarren deialdia

Udalak bigarrenez egin du "herriko elkarteen jarduerak sustatzeko" dirulaguntza deialdia; izan ere, aurretik beste esleipen sistema bat erabiltzen zuen herriko elkarteen jarduna diruz laguntzeko. Unzetabarrenetxeak azaldu du deialdiaren oinarrietan dauden irizpideen arabera egin duela Udalak 12.000 euroko diru-partidaren banaketa. "Hainbat irizpide daude ezarrita; esate baterako, elkarteak zenbat ekitaldi egiten dituen urtean zehar, ekitaldiak iraunkorrak diren, euskara sustatzen duten, elkartea herritarrez osatuta dagoen edo ez, ekitaldi irekiak egiten dituen edo ez... Esan bezala, oinarrietan jasota dauden irizpideak dira, eta asko dira". Unzetabarrenetxeak azaldu du dirulaguntzak eskatzeko elkarteek ekintza-planak aurkezten dituztela eta Kultura teknikariak egiten duela txosten teknikoa: "Notak jartzen dira, eta horren arabera erabakitzen dira esleipenak". 

Alkateak gaineratu du normalean elkarte guztiek betetzen dituztela ezarritako irizpideak, baina egindako eskaeraren arabera esleitzen dela dirulaguntza. "Domingo Iturbe Fest elkarteak, esaterako, diru-kopuru txikia jasoko du, eskaera ere txikia egin duelako. Beste elkarte batzuek 5.000 euro eskatu dituzte eta zerbait gutxiago jasoko dute, baina kopurua bestelakoa da".

Aurretik, bilera

Elkarteen artean dirulaguntzak esleitzeko prozesua berria da; iaz egin zen lehen aldiz, eta alkateak azaldu du Udalak batzarra egin zuela elkarteetako ordezkariekin. "Batzarrean, lehen deialdiak emandakoarekin pozik zeuden elkarteak, orokorrean, baina egon zen elkarte bat hainbat ekarpen egin zituena. Eskaeren artean zegoen, esaterako, errepikakorra den eta urtetik urtera aldatzen ez den dokumentazioa urtero aurkeztu beharrik ez izatea –IFZ zenbakia, elkartearen dokumentazioa...–, modu horretan elkarteek egin beharreko lana arintzeko. Halakoak kontuan hartu dira".

Iaz baino 2.000 euro gehiago

Iaz baino 2.000 euro gehiago banatu ditu Udalak 2026ko dirulaguntza deialdian. Ibon Unzetabarrenetxea alkateak azaldu du hasiera batean onartutako dirulaguntza kopuruaren %60 jasoko dutela elkarteek eta zuriketa prozesua amaitutakoan jasoko dutela gainerako %40a. Kopuruaren %100 jasoko dute beharra justifikatzen duten elkarteek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak