Uberatik gora joanda heltzen da Isusigarra auzoko Urrejalei baserrira, eta bertan bizi diren elgetarrek urteak daramatzate bidea konpontzeko lanak eskatzen. Eskaerari erantzuna emateko, Udal Gobernuak 70.000 euroko diru-lerroa onartu zuen 2026ko udal aurrekontuan. Bada, martitzenean egindako ohiko osoko bilkuran Ibon Unzetabarrenetxea alkateak jakinarazi zuen lanak esleituta daudela.
Elgetako Excavaciones Egoarbitza enpresak egingo ditu eta finantzaketa-iturriak hiru izango dira: Urrejaleikoek 11.000 euro ordaindu dituzte eta gainerakoa Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ipiniko dute.
Urrejalei baserrian bi etxebizitza daude eta garai batean bakoitzak bere errepidea zuen. Bidea, gaur-gaurkoz, oso txarto dago, eta onartutako proiektuak aurreikusten du bi etxebizitzendako bide bakarra egotea. Hortaz, bakarra berrituko dute, azkenean. Asmoa da obrak uztail aldera egitea, eguraldiaren arabera.
2025eko likidazioa
Osoko bilkuran alkateak 2025eko likidazioaren berri ere eman zuen. Udal idazkari Gotzon Goikoetxeak azalpen teknikoak eman ostean, hauxe esan zuen alkateak: "Azken bi urteotan egiten ari garen lanari esker bagoaz aurrera, eta Udalaren egoera ekonomikoa egonkortzeko bidean jarri dugu". Azaldu zuen diruzaintza gerakinean 430.000 euro inguru daudela, eta horrek Udalaren egoera ekonomiko ona erakusten duela. "2025eko diru-sarrerak aurreikusitakoa baino %104 handiagoak izan ziren, eta gastuei dagokienez exekuzio-maila orokorra %98 da –inbertsioen kapituluan, %97–. Datu onak dira. Aurten izango da plan ekonomiko finantzarioaren azken urtea, eta hurrengo urtetik aurrera aukera izango dugu gerakina erabiltzen hasteko. Albiste onak dira", esan zuen.
'Verter Recycling' mozioa
2020ko otsailean luizia izan zuen Zaldibarko zabortegiko enpresa kudeatzailearen aurkako mozioa aurkeztu zuen Elgetako EH Bilduk. 2025eko irailean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak egindako ikuskapenean atzemandako bederatzi akats larriak zuzentzeko daudela esan zuen alkateak. "Ikusita enpresa likidazio egoeran dagoela eta ez duela inongo ardurarik hartuko, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu atzemandako akatsak konpontzeko zein airearen kalitatearen inguruko azterketak egiteko, eta Jaurlaritzarena den Ura Agentziari zabortegiaren inguruko erreketan azterketak egiteko eta inguruko udalei egindako txostenen berri emateko, haiek herritarrak informa ditzaten".
EAJko ordezkari bakarra izan zen martitzeneko osoko bilkuran, eta mozioaren aurka bozkatu zuen. "Egia da, eta konpartitzen dugu, zabortegiaren egoera kezkagarria dela eta horrek administrazioen gertuko jarraipena eskatzen duela: nork bere zatia egitea. Nik dakidala, Eusko Jaurlaritza bere partea betetzen ari da, eta harritu egin nau mozioan Zaldibarko Udalari aipamenik ez egiteak; izan ere, mozioan eskatzen diren hainbat gauzatan badu bere ardura". Zaldibarko Udalaren Hirigintza Sailak egindako azterketen aktak publiko egitea eskatu zuen Iker Laka bozeramaile jeltzaleak.
Puntu horren eztabaida, hemen.
Eskolako jangela
Martitzeneko osoko bilkurako punturik luzeena eta eztabaidatuena galderen eta erreguen txandan heldu zen. Ibon Unzetabarrenetxea alkateak eskatu zion EAJri eskolako jangela proiektuarekin lotuta egindako adierazpenengatik barkamena eskatzeko. Gezurretan aritzea aurpegiratu zien jeltzaleei, eta agintaldi hasierako elkarlan giroa arriskuan zegoela adierazi zuen. Haserre zeuden, baita ere, osoko bilkurara bertaratutako Jangela Batzordeko bi guraso.
Lakak gaiaren inguruan jeltzaleek egiten duten irakurketa defendatu zuen eta elkarlanerako borondatea adierazi zuen.
Puntu horren eztabaida, hemen.