Herriko gaztetxoek, gizartearen parte diren heinean, Elgetaren inguruan hainbat kezka izaten dituzte. Oharkabean pasatu ohi diren arren, Umeen Batzordearen bidez horiek gizarteratzen ibili dira azkenaldian. Horretarako, hainbat bide hartu dituzte; kartelak eta eskuorriak, esaterako.
Lanketa luzeko egitasmoa
Hainbat kezkak argia orain ikusi duten arren, udal liburutegiko arduradun eta Elgeta Herri Hezitzailea egitasmoko hezkuntza taldeko ordezkari Geaxi Ezpeletak azaldu duenez, aurreko urtean hasitako lanketa bat du oinarri: "Gaiaren lanketa iazko Umeen Batzordeko azken bileran adostu zen, ikasturtean zehar umeek ekarritako kezka eta ardurak oinarri".
Hiru kezka nagusi
Hiru kezka nagusi nabarmendu dituzte Umeen Batzordeko kideek: Herriko elementuak, herritarren arteko harremanak eta ingurumena. Kezka bakoitzean hainbat puntu jorratzen dituzte, eta, orokorrean, herritarrei erantzukizunez jokatzeko dei egiten diete: "Herritar bezala guztiok ditugun jokabideak zaintzea, errespetuz eta arduraz jokatzea: pintaketarik ez egitea behar ez den tokietan, zigarroak edota gozokien plastikoak lurrera ez botatzea, txakur-kakak batzea, ingurukoak errespetuz tratatzea, inor ez iraindu ez gutxiestea… Oinarrizko jokabideak dira eskatzen dituztenak".
Egoera hori poliki-poliki aldatzen joateko laguntza ere eskatzen dute: "Eragileen eta herritarren bidelaguntza eskatzen dute, eta talde eragiletik ere eskatzen dugu. Normalizatzen dihardugun jokabide eta jarreren inguruko hausnarketa egiteko garaia dela uste dugu, denon artean denontzako justuago eta adeitsuagoa den herria osatzeko".
Ondo egindakoek ere aipamena
Dena ez da txarra, eta, kezkak agertzearekin batera, ondo egiten direnak ere nabarmendu nahi izan dituzte gaztetxoek: "Kartelak egiteko proposamenarekin aurrera egitea erabaki zenean, jarrera kezkagarriez gain, azken hilabeteetan positiboak izan diren gertaerak txertatzea ere ideia ona zela adostu zen. Orduan, bertan txertatu zituzten arlo bakoitzarekin lotuta azalarazitako batzuk; esaterako, saguzarren etxeak jarri izana eta erreken garbiketa".
Umeen Batzordea
Bi ikasturte daramatza martxan Umeen Batzordeak, eta Elgetako gaztetxoak ere herritar aktibo izatea bilatzen duen espazio bat da: "Umeen Batzordea, Elgetako haurrak herritar aktibo izan, proiektu desberdinak garatu eta beraien ikuspegia eta beharrak adierazi ahal izateko gune bat da". Aurten, ikasturtean zehar lau batzar egin dituzte.
Gaur egun, ikasleen ordezkariek, bi irakaslek eta talde motorreko bi kidek osatzen dute taldea: "Momentuz, eskolako ikasle-ordezkariek osatzen dute, LH1etik LH6ra bitarteko bina ordezkarik hain zuzen. Beraiek dira gelakideen bozeramaile umeen batzordean. Iaz hamabi gaztetxok osatu zuten lehenen umeen batzordea eta ikasturte honetan, ordezkarien txandakatzea dela eta, beste hamabik. Horrez gain, normalean, eskolako bi irakaslek, batak behatzaile gisa, eta talde motorreko bi pertsonak hartzen dute parte batzar horietan".
Batzordeak etorkizuna duela gaineratu du Ezpeletak: "Umeen balorazioak positiboak izaten jarraitzen duen bitartean jarraipena izatea da asmoa. Dena den, batzorde bizia izatea denez helburua, batez ere, umeek beraiek markatuko dute batzordearen ibilbidea eta funtzionamendua".