Elgetako Udalak eta Mana taldeak antolatuta, Elgetako binakako eskupilota txapelketa jokatuko dute ekaineko lehen bi asteetan. Izen ematea irekita egongo da domekara arte, eta antolatzaileek jarritako karteletan ageri den QR kodea eskaneatuta edo torneosmana.com atarian egin beharko da. Txapelketan parte hartzea doakoa izango da.
Hiru eguneko txapelketa
Txapelketak hiru egun hartuko ditu osotara. Kanporaketak ekainaren 2an izango dira, eta ekainaren 4an, berriz, finalerdiak. Finalak ekainaren 9an jokatuko dira. Partida guztiak herriko pilotalekuan izango dira, 17:00etan hasita. Ikuska Lizarralde zinegotziak azaldu duenez, hainbat kategoria sortuko dira: "Adin guztietarako zabalik dago txapelketa; bi kategoria sortuko dira, 15etik gorakoak eta 15etik beherakoak".
Aukera polita elgetarrentzat
Lizarraldek azaldu duenez, herri txikietako kirol-guneetan ekintza ezbedinak antolatzen ditu Manak, eta elgetarrentzat aukera polita zela pentsatu zuten: "Manak txapelketak kudeatzen ditu herri txikietako frontoiak eta kirol-guneak berpizteko asmoz, eta asmo horrekin proposatu ziguten txapelketa hau Elgetan egitea. Elgetarentzat aukera polita izan daitekeelakoan, baiezkoa eman genuen".