Ia hamar urteren ostean, Elgeta arrandegi zerbitzurik gabe gelditu da

Olaia Milikua 2026ko maiatzaren 25a

Furgonetan arraina saltzen. (Argazkia: Goiena).

Elgetara arrain freskoa eramaten aritu diren Ondarroako arrain-saltzaileek zerbitzua eten dute, eta herria berriro arrandegirik gabe geratu da; hori dela eta, zerbitzua berreskuratzeko deia egin dute.

2017an herriko arrandegia itxi ostean, Guillermo Burgoa eta Bingen Arrizabalaga hasi ziren arrain freskoa eramaten Ondarroako portutik Elgetako plazara. Lehenengo urteetan, furgoneta arrandegi mugikor bihurtuta joatean ziren, herriko plazan arraina erosteko aukera elgetarrei luzatuz. Urteak igaro ahala, eta bezeroekin harreman estuagoa eraiki ostean, Whatsapp-eko talde bat sortzea erabaki zuten, eskaerak modu azkarragoan kudeatzeko. Ordutik aurrera, elgetarrek astero talde horren bidez egiten zituzten haien eskariak, erosketak antolatzeko bide eroso eta zuzena bihurtuz. Eskariak jaso eta prestatutakoan, Guillermo eta Bingen Elgetara joaten ziren bakarrik bezeroek eskatutakoa entregatzera. Baina duela gutxi, Whatsapp talde horretatik adierazi zuten Ondarroako arrandegian langile falta dutela eta ezingo dutela Elgetako zerbitzuarekin aurrera egin. 

Arrandegi falta

Bingen eta Guillermok utzi zutenetik, beraz, elgetarrak arrandegi zerbitzu gabe daude. Horren harira, sektorean esperientzia duen edo negozio aukera berri baten bila dabilen norbaiti Elgetan arrandegi zerbitzua berriz martxan jartzeko aukera aztertzeko deia egin nahi izan zaio. Herriak zerbitzuaren beharra duela eta tokiko kontsumoarekiko atxikimendua badagoela azpimarratu dute. Herriko merkataritza txikia mantentzea guztiz beharrezkotzat jo dute herri bizia eta zerbitzuz hornitua izaten jarraitzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak