Aspaldiko jendetsuena izan da aurtengo Asentzio Eguna

Gontzal Belategi Zubia 2026ko maiatzaren 18a

Egitarau berrituarekin ospatu zuten atzo, domeka, Asentzio Eguna. Elgetako eta Angiozarreko kideek elkarlanean antolatu zuten beste urte batez, eta aspaldiko jendetsuena izan dela azaldu dute.

Beste urte batez giro onean ospatu dute Asentzio Eguna. Elgetako Udaleko ongizate eta berdintasun zinegotzi Saioa Alberdik azaldu duenez, 150-200 pertsona inguru elkartu ziren, eta aspaldiko jendetsuena izan zen: "Oso giro polita egon zen. Azken urteetakoekin alderatuta oso jendetsua izan da".

Eguraldi iragarpenaren eraginez, hasiera batean eguna bertan behera uztea pentsatu zutela aitortu du Alberdik: "Azken unera arte zalantza izan genuen egunarekin aurrera egitea posible izango ote zen, eguraldiaren eraginez". Hala ere, aurrera egitea erabaki eta eguraldia lagun izan zuten: "Azkenean eguraldi oso ona egin zuen, lainotuta baina giro ederrarekin. Zoragarria izan zen".

Dantzak egitarauko berrikuntza

Urte luzez egitura berdina izan du Asentzio egunak: Meza, luntxa eta erromeria. Hala ere, aurreko urtean meza bertan behera uztea erabaki zuten, eta zinegotziak azaldu duenez, egitarauari buelta bat eman nahi izan diote: "Asentzio Egunari buelta bat eman nahi izan diogu". Aurten, tekla zuzenak sakatu dituzte , eta egitarauko berrikuntzek ekarri dute jende gehiago bertara hurbiltzea: "Bai, egitarauak lagundu zuen jendea erakartzen".

Egitarauko berrikuntza handiena euskal dantzak izan ziren. Alberdik dioenez, Elgetan dantza egiten duten bi talde ezberdin egoteak eragin zuen ekintza hau: "Eibarko Kezka dantza taldeko kideak Elgetara etortzen dira barikutan haurrei euskal dantzak erakustera. Beraien burua eskaini zuten egun horretan laguntzeko, eta aprobetxatuz bariku iluntzetan helduen talde bat ere dantza egiteko gelditzen dela, bi taldeek elkarrekin dantza egiteko aukera ona zela iruditu zitzaigun". Bi belaunaldi horren ezberdin elkarrekin dantzan ikustea zirraragarria izan zela nabarmendu du: "Berezia izan zen haurrak eta helduak elkarrekin dantzan ikustea, oso ondo egon zen".

Erromeriak ere ez zuen hutsik egin. Jainaga eta Narbaiza izan ziren trikitia eta panderoa jotzen, bertaratu zirenen gozamenerako: "Giro ederra jarri zuten. Beraiek ere oso pozik gelditu ziren, eta jendea horren gustura zebilen erromerian dantzan, eguerdia pixka bat luzatu zela".

Angiozar eta Elgetaren elkargune

Asentzio Egunak angiozartarren eta elgetarren elkargune lanak egiten ditu. "Elkarrekin antolatzen dugun eguna da hau. Luntxa da horren adibide polita. Zati bat Angiozarkoek ekartzen dute eta beste zatia Elgetakook. Batera egiten dugun zerbait da". Elkarlan horrek eguna bereziago bilakatzen du: "Oso egun ederra da. Bi herrien arteko elkarlan hori oso polita izaten da". Aurtengoa bukatuta, hurrengo urteari begira jarri da dagoeneko Alberdi: "Hurrengo urtearen zain gaude, berriro ere, elkarrekin, horrelako egun bat antolatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak