Hala, zapatuan Erdellara igotzera deitu dituzte herriko emakumeak. "Asmoa da denok elkarrekin tontorrera joatea, eta bertan argazkia ateratzea", azaldu du Amantalak talde feministako kide Jone Arbuluk. Izena eman dutenek asegurua izango dute eta ekitaldirako propio egindako lepokoa jasoko dute, baina ekintza zabalik dago azken unean animatzen diren guztiendako ere.
Elkarrekin ikusgarriagoak
Bizkaiko Mendi Federazioak gehitu du jarduera emakumeei zuzenduta dagoela, mendian ere emakumeen presentzia ikusaraztea baita helburua. "Gizonek laguntzaile parte hartu ahal izango dute, jardunaldian emakumeek duten protagonismoa une oro errespetatuz". Gehiago esan dute: "Igoko gara lehenago igo ziren emakumeengatik, eta jakina, igoko direnengatik, eta elkarrekin ikusgarriagoak garelako. Ez dio axola adinak, ezta esperientziak ere: pausoa ematea eta lagunartean egitea da garrantzitsua". Bizkaiko ehun gailur emakumez betetzea da ekimenaren helburua.