Hilabete pasatxo falta da neska-mutikoek udako oporrak har ditzaten, eta Udalak familia askoren kontziliazioan lagunduko duen urteroko zerbitzua iragarri du: udalekuak.
Izen-ematea zabalik da, hilaren 22ra arte. Udalekuak ekainaren 22tik uztailaren 24ra izango dira. Beraz, bost astez emango du Udalak zerbitzua: astelehenetik barikura, 09:00etatik 13:00etara, eta 2-14 urte arteko umeendako.
Prezioak dira astebete 40 euro, bi aste 60 euro, hiru aste 75 euro, lau aste 90 euro eta bost aste 105 euro. Bigarren umeagatik %30eko deskontua dago eta errentaren arabera %90era arteko hobaria eskatu daiteke.
Umeen proposamenekin
Hezkuntza zinegotzi Ikuska Lizarraldek azaldu du gozamena eta dibertsioa, euskara eta errespetua bultzatuko dituztela udalekuetan, eta nabarmendu du "udako aisialdia kanpo espazioak konkistatzeko unea" dela. Azpimarratu du aurten ere Herri Hezitzailea sareko Umeen Batzordearen bidez umeek egindako proposamenak txertatu dituztela programazioan: "Umeek bozketa bidez aukeratu dituzte gaia –animaliak–, irteera nagusia –igerilekua– eta egingo diren bestelako ekintzak eta tailerrak".