Araba aldera proposatzen dute maiatzeko irteera Kantsatzeke mendi taldeko kideek. "San Justi, Arluzea eta San Kristobal igoko ditugu, baina ez da aldapatsua, aldapatxoak bai, baina, guztira ere 478 metro igoko ditugu 15 kilometrotan".
Lauzpabost orduko mendi buelta aurreikusten dute. "Apilaiz herritik irten eta hor izango dugu eguneko aldaparik "gogorrena" armosuko indarrak gastatzeko, gero suabe samar ibiliko gara denbora guztian, batera eta bestera, Txarabitana eta Postariaren bideetatik. Zer ikusiko dugun? Ba, herri txiki polit bat, gaztainondo zaharrak, presa txiki bat, harrian sortutako arku bat; eta, mendi tontorretatik, besteak beste, Izkizko mendiak eta Arabako Mendialdeko herri eta parajeak", esan dute. Ibilbidea hau izango da.
Izen-ematea zabalik
Izen-ematea zabalik da hilaren 21era arte, kantsatzeke@gmail.com zein 690 74 00 56 telefono zenbakian (Whatsapp). Taldea 08:00etan abiatuko da herriko plazatik eta prezioa da 10 euro. Adin txikikoek parte hartzeko baldintza da guraso edo nagusi baten ardurapean izatea.