Ibon Aginaga Imatz: "Erronka polita litzateke Elgetak, atzera ere, euskararen arnasgune izaera lortzea"

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko apirilaren 30a

Udalak Euskara Plana diseinatuko du UEMArekin elkarlanean. Prozesuko lehen urratsak egiten hasiak dira, Ibon Aginaga Imatz (Markina-Xemein, 1985) teknikariaren gidaritzapean.

Zein da euskararen egoera Elgetan?

Elgeta udalerri euskalduna da: euskararen indizea %70etik gorakoa da. Ezagutzan badago sendotasun bat. Azken ikerketek diote, ordea, erabilerarekin lotura zuzena duena gaitasuna dela eta erabilerarako aukerak izatea. Hala, azken kale-neurketan, 2021ean, Elgetan %57,9ko erabilera neurtu zen. Hala, arnasgune izan zen garai batean, baina orain ez da, eta "nagusitasun argirik gabeko udalerri euskaldun" moduan har daiteke. 

Asmoa da euskara indartzeko hamar urteko plan estrategiko bat diseinatzea. Zer-nolakoa izango da?

Herrian euskararen erabilera bultzatuko duen plan bat egitea da helburua. Plan hori egin dezakegu Udalak eta UEMAk, baina uste dugu herriko plana izatea nahi badugu eragile gehiagok hartu behar dutela parte prozesuan. Hau da, Udalaren, UEMAren eta herritarren artean sortutako plana izan behar dela. Horregatik zabaldu genuen galdetegi bat eta egin dugu saio ireki bat udaletxean. 

Hortaz, izango da plan estrategiko bat helburuekin, helburu horiei lotutako ekintzekin eta abarrekin?

Bai, eta saio irekia izan da galdetegiaren bidez herritarrengandik jasotako emaitzak aztertzeko, eta haiengandik jasotzeko helburuek eta ekintzek nondik nora jo beharko luketen.

67 herritarrek bete dute galdetegia. Zein ideia nagusi irten dira?

Haurren eta nerabeen hizkuntza-ohiturei dagokienez, adin tarte horietan sasoi batean baino gehiago entzuten dela erdara Elgetan, eta guraso askoren erdararako joera. Horrekin batera, Udaletik esfortzu handia egiten dela euskarazko kultura eskaintza bultzatzeko, baina faktore askok eragiten dutela gai horretan –pantailak, sare sozialak, euskaraz ez dakiten etorri berriak...–. Galdetegiko erantzunetan irten diren ahulgune eta indargune nagusien berri eman dugu saio irekian.

Saioan egindako ariketetako bat izan da eragin beharreko hutsuneak zeintzuk diren identifikatzea. Ze hutsune irten dira?

Erabilera aipatu da, motibazio zein kontzientziazioa, euskararen kalitatea, baita ere elkarrizketetan euskarari eustearen garrantzia edo hizkuntza gozamenarekin lotzeko beharra. Aipatuko nuke baita ere gaitasuna lantzeko aukerak sortzea; izan ere, azken ikerketek diote gaitasuna gako dela erabileran eragiteko. 

Arnasguneei eusteari garrantzi handia ematen diozue. Zergatik?

Euskarak behar duelako eta Elgeta moduko herri euskaldunek ere itzelezko eragina dutelako hain euskaldunak ez diren eremuetan. Elgeta moduko herrietan ekin behar da. Batez ere, hemen da naturala. Eta, hain zuzen ere, herri honetan itzelezko kezka dago erabilera datuen bilakaera dela eta. Horregatik, oso-oso garrantzitsua da umeentzako antolatzen diren ekintzak %100 euskaraz izatea, eta helduentzako antolatzen direnak ere euskaraz izatea. Hor apustu sendo bat egin behar dela uste dut. Batzuetan, ez da hain erraza izaten, baina erdaldunek jakin behar dute zergatik antolatzen diren ekintzak euskaraz, eta hizkuntzarekin laguntzeko prest gaudela.

Galdetegiaren eta aste honetako saio irekiaren ostean, zein izango dira hurrengo urratsak?

Jaso ditugun ekarpenak txukundu eta saioan parte hartu duten herritarrei bidaliko dizkiegu bestelako ekarpenak egin nahi badituzte horretarako aukera emateko. Gero, txosten batera eramango dugu batutakoa. Baina helburua ez da txosten bat egitea eta kaxoi batean gordetzea. Helburua da erabileran, sentsibilizazioan eta motibazioan eragiteko ekintzak proposatzea eta horiek gauzatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak