Denbora gutxi daramazu mendi lasterketetan, baina emaitza oso onak lortu dituzu. Nondik dator maila hori?
Ez nuke esango bat-batean dudanik maila hori. Txiki-txikitatik joan izan naiz mendira gurasoekin, oporretan eta asteburuetan, eta ohitura hori barruan daramat. Azkenean, mendia ez zait arrotza egiten. Horri gehitu behar zaio motibazioa: gustura egiten dudan kirola da, eta hori nabaritu egiten da. Nik uste dut emaitza onak lortzeko garrantzitsuenetakoa dela bakoitzak jartzen duen motibazioa. Nire kasuan, motibazio hori altu daukat, eta horrek bultzatzen nau aurrera egiten eta hobetzen saiatzera.
Zuk zeuk diozu igerilaria sentitzen zarela gehiago. Mendiarekin gauzak aldatzen ari dira?
Igerilaria sentitzen naiz, batez ere txikitatik igeriketan aritu naizelako. Beti izan dut entrenamendu serio bat, entrenatzailearekin, errutina batekin… Mendia, berriz, gehiago izan da aisialdiko zerbait, familiarekin edo lagunekin egindakoa. Orain, ordea, gauzak pixka bat aldatu dira; mendi lasterketetan hasi naiz, eta serioago hartzen ari naiz. Hala ere, ez dut erraz bereizten: gaur egun, biak egiten ditut, eta biek ematen didate zerbait. Igeriketan Bergaran jarraitzen dut entrenatzen, eta mendian nire aitak prestatzen dizkit entrenamenduak. Etorkizunean ikusiko dut zein pisu hartzen duen bakoitzak, batez ere datorren urtean unibertsitatea hasten dudanean.
Astean hainbat egunetan igerilekuan, eta, gainera, mendian korrika… Nola moldatzen zara?
Saiatzen naiz aste barruan igeriketa egiten, eta asteburuetan mendira joaten naiz korrika egitera. Hori zen hasierako plana, baina aurten, batxilergoko bigarren mailan nagoenez, ikasketek denbora asko kentzen didate, eta egokitu egin behar izan dut. Azkenean, astean hiru bat aldiz joaten naiz igeriketara. Hala ere, ezin dut kirola alde batera utzi; izan ere, beharrezkoa dut, asko laguntzen dit. Bestela, ikasketek edo egunerokoak dena baldintzatuko lidakete. Nire kasuan, ikasi aurretik kirola egitea ia ezinbestekoa da.
Kirol asko probatu dituzu urte hauetan. Zeinek utzi dizu arrastorik handiena?
Txikitatik izan naiz oso kirolaria; hainbat kirol probatu ditut: karatea, futbola, eskalada… Eta, egia esan, gehien harritu nauena eskalada izan da. Ez nuen espero horrenbeste gustatuko zitzaidanik, eta gehiago egiteko gogoa daukat. Bestalde, orain beste erronka batzuk ere baditut buruan; triatloiak, adibidez. Nahiko motibatuta nago, eta ea aurten baten bat egitera animatzen naizen.
Gazte Asanbladan hasi zara. Nolakoa izaten ari da esperientzia?
Iaz hasi ginen bileretara joaten, eta aurten dagoeneko Asanbladako parte gara. Gainera, duela gutxi gaztetxea zabaldu dugu, lanean gabiltza espazioa txukuntzen eta martxan jartzen; giro ona dago. Beste kuadrilla bat bezala da: jende berria ezagutzen duzu, ideiak partekatzen dituzu… Oso gustura nago, eta, hortaz, ea aurrera egiten dugun denon artean.