"Edukiontzien inguruan pilatutako zaborra, kanpoan utzitako poltsak eta behar bezala sailkatu gabeko hondakinak ohiko bihurtu dira. Bereziki kezkagarria da konpost-gunean egiten ari den erabilera desegokia, non hondakin organikoarekin batera plastikoak, ontziak eta bestelako material desegokiak agertu diren", azaldu du Ingurumen Saileko Miren Ibarbiak. "Egoerak ondorio zuzenak ditu herritarren bizi-kalitatean: usain txarrak, intsektuen eta animalien ugaritzea eta ingurunearen okertzea. Horrez gain, udal zerbitzuen lana zailtzen du eta kostu ekonomikoa handitzen du".
"Guztion ardura da"
Ibarbiak egoki jokatzeko eskatu die herritarrei. "Azken urteetan hainbat sentsibilizazio-kanpaina eta ekintza jarri ditu martxan Udalak, hondakinen bereizketa egokia sustatzeko, baina, tamalez, kasu honetan ez dira nahikoak izan", esan du. Jakinarazi du Udalak gutunak bidaliko dituela Domingo Iturbe kaleko etxebizitzetara, arazoaren berri emateko eta herritarrei ardura eta jokabide egokiak eskatzeko. "Egoerak hobera egiten ez badu, ez dugu baztertzen etorkizunean bestelako neurriak hartzea. Hondakinen kudeaketa egokia funtsezkoa da garbitasuna, osasuna eta bizi-kalitatea bermatzeko".
