Elgetan elkarretaratzea egin dute bonbardaketaren 89. urteurrenean

Eki Letona Erretolatza 2026ko apirilaren 23a

Gaur arratsaldean elkarretaratzea egin dute Elgetako plazan, bonbardaketaren 89. urteurrena dela eta. Hainbat herritar batu dira ekitaldian, oroimen ariketa kolektiboa eginez eta iraganeko zein egungo gatazkak gogora ekarriz.

Ekitaldian, “Elgeta Palestinarekin Elgetako bonbardaketaren urteurrenean” izenburua duen testua irakurri dute. Adierazpenean, 1937ko bonbardaketan Elgetak bizi izan zuen suntsiketa ekarri dute gogora, eta lotura egin dute gaur egungo gatazkekin. "Faxismo inperialistak Libanon eta Iranen botatako bonbak, ozen entzuten dira Euskal Herrian. Ez ordea, Palestinan oraindik pairatzen duten genozidioa: Etengabeko heriotzak, bai kaleetan bai kartzelatan ere".

Besteak beste, Palestinako egoera izan dute hizpide, eta gerraren ondorioak salatu dituzte, "gosetea, botiken falta, edateko uraren eza, ospitaleak suntsituta, familiak apurtuta... Herri oso baten suntsiketa". Era berean, herri zibilen aurkako erasoak gaitzetsi dituzte.

Amaieran, hainbat aldarrikapen egin dituzte: "Guk, gure herria zelan suntsitu zuten ondo dakigu. Guk ere, gizarte zibilaren kontrako eraso indiskriminatuak pairatu genituen. Eta honengatik aldarrikatu nahi dugu: Herri hau, gerra inperialistaren kontra dagoela. Herri hau, heriotzaren negozioaren kontra dagoela. Herri hau, genozidioaren kontra dagoela. Gora herri honen askatasunaren alde borrokatu zuten erresistenteak! Gora palestinar erresistentzia! Gora Herri libreak!

Memoria historikoa gazteentzat

Urteurrenaren harira, bestelako ekimenak ere antolatu dituzte herrian. Besteak beste, memoria historikoa gaztetxoei gerturatzeko ikus-entzunezko bat aurkeztuko dute barikuan, eta aurrerantzean Intxortako ibilbide tematikoa bisitatzen duten ikasleentzat ere erabilgarri izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak