Udalak Asentzioren berrantolaketari buruzko hausnarketa-prozesua jarri du martxan. Udal arduradunak kezkatuta daude azken boladan guneari ematen zaion erabilerarekin. Horregatik, erabilera hori zein den aztertu eta berrantolaketa prozesuak norantz jo behar duen definitzeko herritarren ekarpenak jaso gura ditu. "Asentzio indartu nahi dugu, baina ikusten ari gara azken urteetako erabilera ez dela egokia: erabiltzaile askok ez dute araudia errespetatzen, autoak barruraino sartzen dituzte, zaborra pilatzen da, ermita grafitiz beteta dago, eta jendeak su egiten du atariko estalpean… Azkenean, aisialdi-gune izatetik zikintasun-gune izatera pasa da Asentzio, eta ez du joateko gogorik ematen", azaldu du Elgetako alkate Ibon Unzetabarrenetxeak. "Udalak argi dauka zer-nolako Asentzio gura duen", gaineratu du. Hain zuzen ere, Unzetabarrenetxeak uste du memoria historikoari eta Intxortako ibilbide tematikoari bideratutako gune bat egon beharko litzatekeela bertan, baina herritarren iritzia jasotzea ezinbestekotzat jotzen du, ezertan hasi aurretik. "Lehenengo bileran ideiak irtengo dira. Gero, ideia horiek errealitatera jaitsi beharko dira. Beraz, parte-hartze prozesuak bigarren fase bat ere izango du", aurreratu du.
Inplikatu asko
Asentzio leku oso berezia da elgetarrendako, baina baita ere Angiozarkoendako, eta gauza asko elkartzen dira bertan. "Hezegune bat da, aisialdi-gune bat da, Intxortako fronteko lubakien gunea ere bertan dago...", azpimarratu du alkateak. Horrekin batera, inplikatu asko daudela dio: Udala, Angiozarko parrokia, Gure Borda elkarteko jabeak... "Udalak txabola ere badu bertan. Zer egin daiteke han? Borda bat? Kanpin bat? Azpiegitura gehiago behar dira edo ez?", galdetu du Unzetabarrenetxeak.
Hain zuzen ere, ez da denbora asko pertsona talde batek Udalaren jabetzakoa den txabola okupatu zuela. Hutsik dago atzera ere, baina prozesuak sortu ditu zenbait buruhauste: "Nahi duguna da herritarrendako Asentzio bat izatea".
Angiozartarren ekarpenak
Prozesua ahalik eta aberatsen izan dadin, elgetar guztiak daude parte hartzera gonbidatuta, eta baita angiozartarrak ere. "Angiozarko biztanleendako ere gune oso garrantzitsua da Asentzio. Askotan azpimarratu izan dute hori. Horregatik daude parte hartzera gonbidatuta. Egia esan, urte asko dira elkarlanean ari garela", esan du Unzetabarrenetxeak. "Aurten ere batera antolatuko dugu Asentzio Eguna, maiatzaren 17rako".
Antzerako iritzia du Angiozar Bailarako Batzarreko kide Jose Angel Mikeok, eta 2022an Elgetako Udalari aurkeztutako dokumentu baten berri eman du. "Asentzio, guretzat, herri-lurrak dira, eta zabaltzen den hausnarketa prozesu horrekin bi erakundeen arteko lankidetzan aurrera egiteko aukera ikusten dugu". Dokumentuak adostu beharreko hainbat puntu jasotzen ditu. Horien artean daude, besteak beste, mugarriak, erabilerak, espazioen banaketa eta karga banaketa, oinarrizko zerbitzuak, basoaren kudeaketa eta iraunkortasuna, ermitaren babesa edo gunearen seinalizazioa.
Angiozarren ere kezkatuta daude Asentzion gaur-gaurkoz izaten diren hainbat erabilerarekin. Mikeok aipatu ditu garbitasun eta utzikeria arazoak zein ermitan gertatutako apurketak eta lapurretak... Eta natura aldetik guneak duen balioa azpimarratu du. "Asentziok baditu 36ko gerratik aparteko beste hainbat balio. Paisajistikoa, esaterako. Aberastasun handia du alor horretan, eta ez dago batere azalduta. Horregatik, gure ideia da Asentzio puntu orokor batetik pentsatzea. Ea elkargune bihurtzen dugun".