Gaztetxea martxan jarri aurretik, garbiketa eta txukuntze lanak egingo dituzte

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko apirilaren 24a

Zortzi urtez beste erabilera bat izan du gaztetxearen egoera ikusten, zapatuan.

Gazte Asanbladak auzolana deitu du; 18:00etan elkartuko dira, gaur, gaztetxean.

Aurreko zapatuan ospatutako Gazte Egunean zabaldu zituen gaztetxeko ateak Gazte Asanbladak. Bost urteko aldarrikapenaren ondotik lortu dute, eta "pozik" eta "gogotsu" daudela adierazi dute.

Zortzi urtez udal biltegi erabilera izan duen eraikinak garbiketa eta txukuntze lanak behar ditu. Zikin dago eta komuna, eszenatokia, ateak, leihoak eta sabaia konponketa eta eraberritze lanen premian daude. Gazteak lanerako gogoz daude eta lehenbailehen gura dute martxan gaztetxea. Hala, auzolan deialdia egin dute gaurko. 18:00etan elkartuko dira gaztetxean. "Debagoieneko beste gaztetxe eta gazte asanblada batzuetatik ere etorriko dira", azaldu du Elgetako Gazte Asanbladako Leire Belamendiak. 

Mugarri "garrantzitsua"

Zapatuko Gazte Eguna "egun garrantzitsua" izan zen Gazte Asanbladako kideendako. Egun osoko egitaraua zuten antolatua, eta 20:00etan joan ziren gaztetxera, atea zabaldu eta barruan adierazpen bat irakurtzeko.

Elgetan gaztetxia. Ez dabe gure sua emetauko zioen pankarta zabaldu zuten. Barruan irakurritako adierazpenean honako hau zioten: "Zortzi urte luze pasa dira Elgetako gaztetxeko ateak azkeneko aldiz zabaldu ziren egunetik. Gure belaunaldiari askotan tokatu izan zaigu Elgetako gaztetxean bizitako hamaika istorio entzutea, baina gu ez gara konformatu istorio horiek entzutearekin. Gureak sortu nahi ditugu, eta, horregatik, besteak beste, 2022an sortu genuen Elgetako Gazte Asanblada".

Azken hilabeteotan bere jarduna aurrera eramateko espazio baten beharra aldarrikatu du Gazte Asanbladak. "Prest gaude aurreko belaunaldiaren lekukoa hartu eta gaztetxearen ateak berriz zabaltzeko. Ez gara honaino kasualitatez heldu. Konpromisoari eta antolakuntzari esker gaude gaur hemen. Horregatik, dei egiten diegu Elgetako gazte guztiei gaztetxearen aldeko borrokara batu eta Gazte Asanbladan parte har dezaten".

Kinta gazteagoei deia

Kinta gazteagoen falta sumatzen dute Gazte Asanbladan. "Gu baino gazteagoak falta dira hemen, eta gustatuko litzaiguke Gazte Asanbladara etortzea. Bizpahiru astean behin elkartu izan gara orain arte, bariku arratsaldeetan. Animatu!", esan du Leire Belamendiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak