Euskara indarberritzea eta euskaldunok ahalduntzea helburu duen Aroa plana diseinatu nahi du Elgetako Udalak. Hamar urteko plan estrategikoa izango da eta UEMAko teknikari baten gidaritzapean diseinatuko da, Eusko Jaurlaritzak babestuta. "UEMAko teknikariarekin egiten ditugun jarraipen batzordeetan ikusi zen plana garatzeko beharra, eta asmoa da uda aurretik aurkeztea", azaldu du Euskara zinegotzi Maialen Arnedok.
Planak euskararen erabileran egiten du azpimarra, eta lehen urratsa da herritarren pertzepzioa zein den jasotzea. Hala, herritarrei eskatzen zaie online zein udaletxean bete daitekeen galdetegia erantzuteko. "Behar duguna da adin tarte askotariko jendeak erantzutea, jakiteko ze hizkuntza ohitura dauden, ze esparrutan ikusten den erabilera handitu edo txikitu dela eta abar. Erantzunak jasotzen ari gara, eta martitzenerako deitu dugun batzar irekian aurkeztuko ditugu", esan du.
Batzarra 18:00etan izango da, udaletxean, eta ez da izango emaitzak aurkezteko soilik. "Elgetako egoera zein den eta aurrera begira zer egin daitekeen aztertuko dugu; izan ere, antzematen da euskararen erabilera behera egiten ari dela Elgetan, eta jakin gura dugu zein den herritarren pertzepzioa".
Parte hartzeko deia
UEMAko teknikariak bideratuko duen saioa "praktikoa eta dinamikoa" izango dela esan du Arnedok. Galdetegia bete ez duten herritarrek horretarako aukera dute, udaletxean zein QRa erabilita.