'Gerrarik ez! Goazen plazara' elkarretaratzea deitu du Elgeta Palestinarekin elkarteak eguenerako

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko apirilaren 21a

Elgeta Palestinarekin elkarteko Felix Irizar eta Eleder Lozano memoria historikoaren interpretazio zentroan.

Egunotan betetzen dira 89 urte abiazio italiarrak eta alemaniarrak, Francoren aginduz, Elgeta bonbardatu zutela. "Suntsituak izan diren eta izaten ari diren herriak gogoan", deitu dute mobilizazioa Elgeta Palestinarekin elkarteko kideek.

"Elgetako bonbardaketaren urteurrenean, salatu nahi dugu faxismoak eta inperialismoak gerra erabiltzen dutela beren eredu ideologikoa inposatzeko, baita ere herriak inbaditzeko eta arpilatzeko", esan dute Elgeta Palestinarekin elkarteko kide Eleder Lozanok eta Felix Irizarrek.

Azpimarratu dute Elgeta bonbardaketen, errepresio basatiaren eta okupazioaren mina pairatu duen herria dela, eta ahotsa altxatu nahi dutela duela 89 urte Elgetan gertatu zena zein gaur egun Palestinan, Libanon eta Iranen gertatzen ari dena salatzeko. Hala, elkarretaratzea deitu dute eguenerako, hilak 23, 19:00etan herriko plazan.

Oroimena eta justizia

Hamabost minutuko elkarretaratze isila deitu dute, eta Gerrarik ez! Inperialismoari ez!, Heriotzaren negozioari ez! moduko leloak aldarrikatuko dituzte. Elgetar guztiak deitu dituzte mobilizazioan parte hartzera.

Israelen eguneroko erasoekin Gazan eragindako "erabateko suntsipena" eta "blokeo kriminala" salatu dituzte; "Hori dena munduko armadarik gaiztoenak babestuta (...) Orain, Libanoko hegoaldea gehitzen da garbiketa etniko honetara. Estatu judu supremazista handi baten irrika sionistak errepresioa eta heriotza dakartza palestinar herriarentzat eta inguruko herrialdeentzat".

"Elgetan oroimena eta justizia exijitzen ditugu Elgetaren gaineko bonbardaketak, hildakoak eta errepresaliatuak gogoan ditugunean", esan dute. Horrekin batera, "frankismoaren eta faxismoaren kontra eta genozidak zigorrik gabe ez geratzeko" aldarrikapenaren alde mobilizatuko direla esan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak