Elgetako Piñu-koku enduro taldeak 125 lagun elkartu ditu VI. enduro martxan. Balorazio positiboa egiten dute. "Eguraldi iragarpena zein zen ikusita kopuru polita da. Eguraldiak, gainera, eguerdira arte errespetatu zuen, eta hori ere oso garrantzitsua izan zen pilotuek ibilbideaz gozatzeko", azaldu du Piñu-kokuko kide Etor Garatek.
28 kilometroko eta 1.200 metroko desnibeleko martxa prestatu zuten, sei jaitsierarekin. Aurten, gainera, jaitsiera guztiak Piñu-kokurenak izan dira lehenengo aldiz. "Elgeta ez da handia, eta kilometro batzuk sartzearren inguruan dauden beste talde batzuen jaitsierak erabiltzeko baimena eskatu izan dugu aurreko urteetan –Ermua, Eibar...–, baina eguraldi txarra denean pista haietatik ehun bizikleta baino gehiago pasatzeak hondatu egiten ditu eta gutxi gara konpontzeko. Horregatik, heldu da momentu bat non erabaki dugun gure pistekin egitea martxa osoa". Aurten izan da lehenengo aldia, eta balorazioa oso positiboa da.
Jaitsiera berria Erdellan
Urtero enduro martxa egiteak jaitsiera berriak pentsatzea dakar Piñu-koku taldeko kideendako. Aurten, Erdella puntatik abiatzen dena izan da nobedadea. Eguneko lehenengoa izan zen pilotuendako, eta zorion mezu asko jaso dituzte Piñu-kokukoek. "Jendeari asko gustatu zaio. Egia esan, lan handia egin dugu jaitsiera hori prestatzeko. Gabonen bueltan hasi ginen lanean. Goitik behera bizikletendako eginda dago, ezerezetik ateratakoa da, hiru bat minutukoa izango da eta bigarren zatia lehenengoa baino desnibel handiagokoa da; beraz, teknikoagoa", esan du Garatek. "Lapurdi aldera jaisten da. Hor ba omen zegoen Gozategi izenez ezagutzen zen baserri bat, eta izen hori jarriko diogu jaitsierari", gaineratu du. Hortaz, erabilgarri egongo da aurrerantzean.
Bilbaoren txitxi-burruntzia
Elgetako enduro martxa, neurri handi batean, lagunarteko topaketa ere bada. Antolatzaileek Peio Bilbaoren txitxi-burruntziaren eraginaz ere egiten dute berba: "Bizikleta gainean hiruzpalau orduz disfrutatu ostean, Peioren txitxi-burruntzian elkartzen gara eta beste hiruzpalau ordu egiten ditugu lagunartean. Hori ere bada gure martxak duen harrera onaren arrazoietako bat. Eskerrik asko, Peio!".