Eguna inguruko herrietatik etorritako beste gazte asanblada batzuetako kideek osatutako mahai-inguru batekin hasi zuten. Arrasateko, Aramaioko, Bergarako eta Elorrioko gazte asanbladako kideekin esperientziak partekatzeko eta beste gaztetxeetan nola antolatzen diren jakiteko mahai-ingurua izan zen eguerdikoa, hain zuzen ere.

Arratsaldean, bazkariaren ostean Keiia taldearen emanaldi akustikoarekin gozatu zuten. Ondoren poteo musikatua egin zuten, eta 20:00etan gaztetxera sartu ziren. Bertan, testu bat irakurri zuten Elgetako Gazte Asanbladako kideek:
"Zortzi urte luze pasatu dira Elgetako gaztetxeko ateak azkeneko aldiz zabaldu ziren egun hartatik. Gure belaunaldiari askotan tokatu izan zaigu Elgetako Gaztetxean bizitako hamaika istorio entzutea. Baina gu ez gara konformatu istorio horiek entzutearekin, gureak sortu nahi ditugu, eta horregatik, besteak beste, 2022 urtean sortu genuen Elgetako Gazte Asanblada. Azken hilabeteotan, Gazte Asanbladak bere jarduna aurrera eramateko espazio baten beharra aldarrikatu du, eta orain, hemen, esan nahi dugu prest gaudela aurreko belaunaldiaren lekukoa hartu eta Gaztetxean ateak berriz zabaltzeko. Baina honaino ez gara heldu kasualitatez, konpromisoari eta antolakuntzari esker gaude hemen, eta horregatik dei egiten diegu Elgetako gazte guztiei gaztetxean aldeko borrokara batu eta asanbladan parte hartzeko".