Gaztetxeen aldarrikapen hori izango da Gazte Eguneko egitarauaren abiapuntu. Izan ere, mahai-inguru batekin hasiko dute eguna 12:00etan. Gaztetxeak, zertarako? galderari erantzuten ahaleginduko dira. Horretarako, inguruko beste gaztetxe batzuetako ordezkariak gonbidatu dituzte: Ziegako, Elorrioko, Arrasateko eta Aramaioko gaztetxeetako kideak, hain zuzen ere. "Askotariko egoeretan dauden gaztetxeak dira, eta euren bizipenak kontatuko dizkigute: nola egiten duten lan, zein kudeaketa mota duten, zein jarduera egiten dituzten han... Baina, bereziki, gaztetxe batek duen garrantzia azaltzeko es- katuko diegu", azaldu du Belamendiak.
Bazkaria eta musika
Mahai-inguruaren ostean bazkaltzeko elkartuko dira, Espaloia kafe antzokian. Ateratako txartel guztiak agortu ziren eguaztenerako eta gehiago jarri ditu
salgai Gazte Asanbladak Janela tabernan. Oraindik ere eros daitezke, hamabi eurotan.
Keiia taldearen emanaldi akustikoarekin girotuko dute bazkalostean. "Gazte Asanbladako hiru kide gara, kantu ezagunen bertsio akustikoak egiten ditugu. Gazte Eguna apur bat girotzeko elkartu ginen", esan du Keiiako kide Belamendiak.
Gaztetxean argazkia egin aurretik, 18:30ean poteo musikatua egingo dute herrian tabernaz taberna eta jolas batzuk tartekatuko dituzte. 21:30ean, Garraio, Ktarsia eta Ufal taldeen kontzertua egongo da Espaloian; eta ostean, DJ Rua2. Kontzerturako sarrera borondatea izango da.
Gaztetxea amets
2023an eratu zen gaur egungo Gazte Asanblada. Besteak beste, Gazte Eguna, jaietako txosna eta Sagardo Eguneko patata-tortilla lehiaketa antolatu dituzte hiru urteotan. Zinema-emanaldiak eta bertso saioak ere egin izan dituzte. Hasieratik aldarrikatu dute gaztetxearen irekiera.
Gaur-gaurkoz, Udala da eraikinaren jabea, eta makina bat bilera egin dute alde biek urteotan guztietan; izan ere, azken zortzi urteotan biltegi erabileraeman dio Udalak eraikinari. Hau da, aurreko Gazte Asanbladak gaztetxeko giltzak Udalari entregatu zizkionetik, 2018an. Modu horretan eman zioten itxiera Elgetako gaztetxearen ia 22 urteko ibilbideari. Jakinekoa da Udalak eraikina hustu egin duela, eta horixe konfirmatu dio GOIENAri Elgetako alkate Ibon Unzetabarrenetxeak.