Herriko eskolako sukaldeari "ezezkoa" eman izana salatu du Elgetako Udalak

Mireia Bikuña 2026ko apirilaren 16a

Udalak salatu du herriko eskolan sukaldea izateko aukerari ateak erabat itxi dizkiola Hezkuntza Sailak: "Etsigarria da eta eskola-komunitatearen eta Udalaren beraren borondateari entzungor eginez, gainera". Gaitzetsi dute Hezkuntza Sailak janaria bertan prestatzeko gunea jartzeko proiektua "behin betiko" baztertu izana. 

Elgetako Udalak adierazpen publikoa egin du: "Gure harridura eta desadostasun osoa adierazi gura dugu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hartutako azken erabakiaren harira. Sailak behin betiko baztertu du herriko eskolan sukaldea in situ izatea; alegia, janaria bertan prestatzeko gunea jartzeko proiektua. Prozesua erabat blokeatu du.
Hori horrela, orain arte eginiko prozesua eten egin du; argudiatu dute Hezkuntza Sailak gaur egun duen eskola jangelen plangintza berriko baldintzak ez dituela betetzen gure eskolak".

Hiru urteko bidea

Udalak "gogorarazi" dio Hezkuntza Sailari hiru urte daramatzala Jangela Eraldaketa Batzordearen barruan lanean, "Jaurlaritzarekin berarekin lanean, proiektua gauzatzeko bideorria zehazten". Are gehiago, Udalak duen lankidetzarako borondatea kontuan hartu ez izana "salatu" du. "Sukaldea eraikitzeko bideragarritasun teknikoa egon badagoen arren, kudeaketa-erraztasuna lehenetsi dute ikasleen bizi-kalitatearen eta jasangarritasunaren aurretik, eta ez dute maila horretako inbertsiorik egingo Elgetako Herri Eskolak duen tamaina eta jankide kopurua dela eta, besteak beste. Hezkuntza Sailaren babesik gabe ezin dugu proiektuarekin aurrera egin, jangela zerbitzuaren
ardura eta eskumena haiena baita".

300.000 euro

Proiektuarekin duen konpromiso irmoa erakusteko, Udalak 300.000 euroko diru-partida zehatza sortu eta gorde zuen 2025eko aurrekontuetan, sukaldearen
eta jangela berriaren obrak eta egokitzapena finantzatzeko. "Inbertsio handi horri aurre egiteko, Udalak dirulaguntza bat eskatzeko aukera izango zuela adierazi zuen Hezkuntza Sailak. Amaieran zehaztu dute dirulaguntza horrek ez dituela mota horretako obrak jasotzen", azpimarratu du.

Etengabeko harremana

Elgetako Udalak berretsi du Hezkuntza Sailarekin etengabeko harremana izan duela. "Gure mugimendu bakoitzaren berri izan du: Hezkuntza Saileko arduradunen bisita izan genuen, eta orduan esan ziguten sukalde ereduen inguruko hausnarketa prozesu bat abiarazia zutela eta gure proiektuaren inguruko erabakia aurrerago helaraziko zutela. Orain heldu da ezezkoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak