EAJren esanetan, lankidetza instituzionalak ekarri ditu inbertsioak Elgetara

Koldo Zubia Salas 2026ko apirilaren 10a

Iker Laka eta Mikel Larrea, Elgetako EAJko zinegotziak, herriko plazan. Argazkia: Elgetako EAJ

Elgetako EAJk nabarmendu du azken hilabeteetan udalerrian bideratu diren inbertsioek "erakundeen arteko lankidetzan eta elkarrizketan oinarritutako estrategia" dutela atzean. Besteak beste, errepideetan, garraio publikoan, industrian eta ekipamenduetan egindako hobekuntzak azpimarratu dituzte. Aldi berean, EH Bilduren udal gobernuaren "ekimen falta" kritikatu dute.

Elgetako EAJ udal taldearen arabera, "Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta beste erakunde publiko batzuen lankidetza" da udalerriko inbertsioak "indartzearen" arrazoia. Jeltzaleek azpimarratu duenez, esku-hartze horiek, "udalerriaren interesa lehenesten denean aurrera egiteko benetako aukerak daudela" erakusten dute.

Mugikortasunean "aurrerapausoak"

Nabarmendutako jardueren artean dago Bergara eta Elgeta arteko errepidearen hobekuntza; martxoaren amaieran gauzatutako lanek 225.000 euro inguruko inbertsioa izan zuten. Horrez gain, garraio publikoan ere aldaketak izan dira: martxoaren 9tik aurrera sei zerbitzu gehiago eskaintzen dira egunero bi herrien artean.

Elgetako bozeramaile, Iker Lakaren arabera, neurri horiek, "elgetarren eguneroko joan-etorriak errazten dituzte", eta gaineratu du, lanean jarraituko dutela, besteak beste, Arrasateko ospitalerako lotura zuzena lortzeko.

Lehen eta bigarren sektoreetan laguntzak

Landa-inguruneari dagokionez, jeltzaleek baserrietara sartzeko bideetarako dirulaguntzak azpimarratu dituzte: 2024an 35.000 euro jaso ziren, eta 2025ean 29.500 euro inguru. Hala ere, kritikatu dute azken urteotan udal gobernuak ez duela landa-garapenerako deialdietara proiekturik aurkeztu, eta horrek "jarrera proaktiboago baten beharra" agerian uzten duela diote.

Arlo ekonomikoan, Elgetako industria-izaera azpimarratu dute, eta Eusko Jaurlaritzak Sidenor taldearen Forjanor pabiloi zaharra berritzeko aurreikusitako proiektua jarri dute adibidetzat. Sprilurrek 400.000 euro bideratuko ditu instalazioa egokitzeko. Lakaren esanetan, jarduketa hori "estrategikoa da jarduera ekonomikoa erakartzeko, enpresak sendotzeko eta enplegua sortzeko". Aldi berean, udal gobernuari "utzikeria historikoa" egotzi diote industria-politiketan.

Kultur etxearen berrikuntza

Horrez gain, kultur etxea bezalako ekipamenduetan ere inbertsioak egin direla gogorarazi dute. Foru Aldundiak finantzatutako hainbat jarduketa aipatu dituzte: leihoak berritzea, kanpoko semaforoa egokitzea eta teilatua eta fatxada birgaitzeko proiektua. "Garrantzitsua da kulturan inbertitzea, gune horiek funtsezko zeregina baitute udalerri txikiak dinamizatzeko", adierazi du Lakak.

"Lankidetza eta ausardia" eskatu dituzte

Bozeramailearendako, egindako inbertsioek erakusten dute "arduraz eta etorkizuneko ikuspegiaz lan eginez gero, Elgetak baliabideak erakar ditzakeela" . Aldi berean, EH Bilduren udal gobernuari "ekimen falta" egotzi dio, eta defendatu du EAJ "oposiziotik ere proposamen erabilgarrien motorra" dela.

"Badakigu Udalak ezin dituela bere gain hartu inbertsio asko, baina gaur egun frogatzen da badirela Aldundian, Eusko Jaurlaritzan, Estatuan edo Europan horiek garatzeko aukera ematen duten programak. Ahalmen hori aprobetxatzeko, ausardia eta jarrera kolaboratiboa behar dira, eta EAJn asko jardun gera honetan", amaitu du Lakak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak